«Ez dugu euroa uzteko inolako asmorik», esan du Nicos Anastasiades Zipreko presidenteak, nahiz eta Euroguneko gainontzeko herrialdeek ezarritako neurriak salatu dituen, «aurrekaririk gabeko eskakizunak egin dituzte eta Zipre esperimentua bilakatu dute». Hala ere, erreskate horrek «erabateko porrota ekidin du» Zipreko agintariaren ustez eta «egoera egonkorra» dela esan du.
Atzo ireki zituzten berriz ere banketxeetako ateak, ia bi astez itxita izan ostean. Horretarako Europako Banku Zentralak 5.000 milioi euro igorri zituen Ziprera herritarren eskaria ase ahal izateko. Egunean 300 euro baino gehiago ezingo dituzte atera herritarrek eta 5.000 euro enpresek.