Naiz.info
Bilbo

Virginia Berasategik agur esango die triatloiei denboraldi amaieran

«Oso ondo pentsatutako erabakia» dela esan du Berasategik, gorputzak ere hala eskatzen ziolako. «Erronka pertsonalak» izango ditu helburu aurrerantzean.

Berasategi, 2011n, Bilboko triatloian. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Berasategi, 2011n, Bilboko triatloian. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Azken triatloiak egingo ditu Virginia Berasategik hurrengo hilabeteetan. Elite mailan bai behintzat. Izan ere, denboraldi amaieran frogak utziko dituela iragarri du.

«Gorputzak geldialdia eskatzen zidan eta nire lehentasunak aldatu egin dira. Oso ondo pentsatutako erabakia izan da», esan du Berasategik Bilboko Udalean Iñaki Azkuna alkatearekin batera egindako agerraldian.

«Gero eta zailago» egiten zaio goizero entrenamenduetara joatea, «ura gero eta hotzago dago gainera», esan du txantxetan.

Eremu pertsonalari denbora gehiago eman nahi diola aitortu du. «Gero eta zailago egten zait lagunei ezezkoa ematea geratzen diren bakoitzean eta egitasmo berri asko ditut buruan», adierazi du.

Triatloiaren munduan lortutako emaitzen ondoren, «buruak eta gorputzak beste gauza batzuk eskatzen dizkidate». «Triatloiak eman behar zidan guztia eman didala sentitzen dut».

Triatleta bilbotarrak egitasmo berriak abiatuko ditu, baina oraindik denboraldi «erakargarri» bat amaitu behar duela nabarmendu du. Elite maila atzean utzi aurretik, Distantzia Luzeko Munduko Txapelketa eta Alpe D´Huezen egiten den triatloia izango ditu aurrez-aurre.