NAIZ.INFO
GASTEIZ

Urkullurekin akordioetara iristeko prest dago PSE, baina bakarrik krisi ekonomikoa gainditzeko

PSE prest agertu da Lakuako Gobernuarekin krisi ekonomikotik ateratzeko neurriak adosteko eta akordioak lortzeko, estatus politiko berria bezalako «edukirik gabeko abstrakzioak» alde batera utzita, Patxi Lopezek esan duenez.

Patxi Lopez, Legebiltzarrean egin duen hitzaldian. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Patxi Lopez, Legebiltzarrean egin duen hitzaldian. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Patxi Lopez PSEko idazkari nagusi eta legebiltzarkideak erantzun dio Gasteizko Parlamentuan Iñigo Urkulluk egin duen hitzaldiari. Lehendakariak aurkeztu duen gobernu programa «surrealista» dela esan du –«programarik ez dauka»–, egitasmoa «orokortasunez» beteta dagoela eta ez duela ez ekimenik ezta horiek gauzatzeko eperik zehazten.

Agintean daramatzan bost hilabeteetan izan duen «geldotasuna» eta «iniziatiba eza» leporatu dizkio Urkulluri, eta EAEk Gobernu «indartsuagoa, gaitasun handiagokoa eta ez ahula» behar dituela nabarmendu du.

Ildo horretan, EAJrekin akordioak lortzeko prest dagoela adierazi du Lopezek. Bere ustez, «presazkoena» enplegua sustatzea eta lanpostuen galera geldiaraziko duen plana adostea da. Nolanahi ere, PPk parte hartzen duen akordio batean PSE «sekula» ez dela egongo argi utzi nahi izan du.

Urkulluk autogobernuaren eta estatus politiko berriaren inguruan esan duenari buruz, berriz, PSEko legebiltzarkideak esan du ez dela «edukirik ez duten abstrakzioetan galdu behar» eta EAEk dituen ahalmen eta baliabide guztiak krisitik ateratzeko erabili behar direla. «Hor egin behar dugu ahalegina», nabarmendu du.