Naiz.info
Donostia

UEUk 41 ikastaro eskainiko ditu udako ikastaroen baitan

Pasa den urteko arrakasta errepikatzea helburu, ‘40+1: Dakiguna erakutsiko dizugu’ lelopean, 41 ikastaro eskainiko ditu aurtengo udan Udako Euskal Unibertsitateak.

Antolatutako 41 ikastaroetatik 20 Eibarren izango dira, UEUren Ikastetxe Nagusian; bederatzi Baionan, IUT Unibertsitatean; 11 Iruñean, Jaso ikastolan; eta beste bat Gernikan, Astra Kulturaren Fabrikan.

Udako ikastaroek bat egiten dute dagoeneko martxan dagoen ‘Ni ere, UEU’ kanpainarekin, UEU ezagutzera eman eta proiektuarekiko atxikimenduak jaso nahi dituen egitasmoarekin, hain zuzen.

Aurkezpenean Karmele Artetxe UEUko zuzendariak eta Irati Iciar UEUko udako ikastaroetako arduradunak hartu dute parte. Artetxek nabarmendu du «pozgarria» dela beste urte batez UEUren udako ikastaroak aurkeztea, «azken bi urteak UEUrentzat ekonomikoki oso zailak» izaten ari direlako, eta egoera horretan gauzak antolatzen jarraitzea «benetako ahalegina» izaten ari delako..

«Egoera honek, ordea, gure oinarri soziala indartzeko balio izan du, eta horri esker, iaz azken garaietako ikastaro kopuru handiena eskaini bagenuen 40. urteurrena ospatzeko, aurten erronka horri eutsi eta 41 aurkezten ditugu, iaz bezain arrakastatsuak izango direlaren ilusioarekin», adierazi du.

Euskara eta unibertsitatearen alde lanean lau hamarkada daramatzan arren, oraindik UEUk baduela zer eginik ziurtatu du, eta etorkizunean UEUrena «ekarpena handia» izan daitekeela nabarmendu du. «Horregatik jarri dugu martxan ‘Ni ere, UEU’ kanpaina martxan, non hainbat pertsona ezagunek UEUren berri ematen duten, lehen pertsonan», gaineratu du.

Inoiz baino ikastaro gehiago

Bestalde, Iciarrek ikastaroei dagozkien xehetasunak azaldu ditu. Aurten 41 ikastaro antolatu dira, «inoiz baino gehiago». 41 ikastaro horiek antolatzea ez dela erraza izan azpimarratu du, «jasotako proposamen kopuru handia medio, zaila izan delako aukeraketa egitea, UEUren inguruan lanean dabiltzan profesional taldeak zein UEUren beraren sail eta bazkideek proposamen interesgarriak bidali baitizkigute».

Ikastaroak sei jakintza arlotan banatuta egongo dira: artea eta musika; giza-zientziak; ingeniaritza eta teknologia; osasun zientziak; zientziak; eta gizarte zientziak. Ikastaroekin batera, hiru jardunaldi antolatu dira, UEUren sailen ekimenak hirurak ere eta udako ikastaroen plangintzan sartuak.

Izena emateko epea jadanik irekita dago eta ikastaroa hasi baino astebete lehenago egin ahal izango da matrikula. Informazioa eta matrikula www.ueu.org webgunean lortu eta egin daiteke.