@iraiaoiarzabal
DONOSTIA

Abian da Sakanako Behatokia eskualdeari «forma» emateko

Sakana Behatoki Sozioekonomikoa jarri dute martxan berriki hainbat eragilek, lankidetzaren bitartez eskualdearen garapena bultzatzeko. Ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-jasangarritasun oinarri izanik, enplegua sortzea da egitasmoaren xede nagusia, betiere, eskualdeko baliabideak erabiliz. Hurrengo sei hilabeteetan jarraitu beharreko bide-orria osatuko dute.

Hurrengo sei hilabeteetarako asmo handiko erronka finkatu du abiatu berri den Sakanako Behatoki Sozioekonomikoak; hain zuzen ere, eskualdeak bere etorkizunari «forma» ematen hasteko plan estrategikoa garatzea. Aste honetan aurkeztu dute Behatokia Sakanako Garapen Agentziako Iker Manterolak, Sakantzen Sareko Joseba Garmendiak eta Cederna-Garalurreko Susana Mendinuetak, eta egitasmoak gizarte eragile ezberdinen ordezkaritza zabal eta anitza izango duela nabarmendu zuten.

Hasteko, eragile guztien artean Sakanaren etorkizuna zein izan daitekeen eta nora bideratu behar den erabakiko dute, eta horretarako, ezinbestekotzat jotzen duten baldintza izendatu zuten: gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-iraunkortasunean oinarritutako enplegua sortzea.

Lau arlo estrategikotan sakonduko dute helburu hori lortze aldera. Turismoan, lehen sektorean eta elikagai industrian, enpresa-zerbitzuetan eta industrian, eta energian; hain justu, horretarako eskualdeak eskaintzen dizkien baliabideak erabiliz. Lan ildo horietan guztietan zeharka hezkuntza eta merkataritza lantzeko konpromisoa hartu dute.

Prozesu parte hartzailea

Era berean, proiektuaren garapena parte hartzean oinarrituta egotea ezinbestekotzat jotzen dute sustatzaileek, eta horregatik, lan ildo estrategiko bakoitza lantzeko 10-15 pertsonaz osatutako lantaldeak sortuko dira. Beraz, hurrengo urratsa lantalde horiek eratzeko partaideak bilatzea izango da. Horien eginbeharra sektore bakoitza aztertu eta ekintza zehatzak proposatzea izango da, ondoren Behatokiaren baitan eztabaidatu eta adosteko. Prozesu hau guztia aurrera eramateko sei hilabeteko epea izango dute.

Plan Estrategikoaren izaerari dagokionez, administrazioari eta enpresei eragin nahi diela jakinarazi zuten, publikoa eta pribatua uztartuz. «Horrek egitura produktiboa indartu eta herritar guztien ongizatea bultzatuko du», gaineratu zuten.

Plangintza hamar urteko epean gauzatzea espero dute eta 2023. urtera arte adostutako ekintzen jarraipena, kontrola eta egokitzapenak adostea izango de Behatokiaren betebeharra.

Prozesu osoan zehar Sakanako herritarrak ahalik eta maizen informatzea da helburuetako bat, proiektuaren izaera parte hartzailea indartzeko asmoz.