@gara_augarte
DONOSTIA

Langabeziak behera egin du Hego Euskal Herrian maiatzean, bigarren hilabetez

Hego Euskal Herrian 231.403 langabe zeuden maiatzean, aurreko hilabetean baino 1.630 gutxiago, Lan Ministerio espainolak emandako datu ofizialen arabera. Bizkaian bakarrik egin du gora. Nolanahi ere, azken urtean gora egin du langabeziak.

Lanbideren bulego bat. (ARGAZKI PRESS)
Lanbideren bulego bat. (ARGAZKI PRESS)

Lan Ministerio espainolak zabaldu dituen datuen arabera, 231.403 langabe zeuden maiatzean Hego Euskal Herrian, apirilean baino 1.630 gutxiago. Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan behera egin du langabeziak; Bizkaian, aldiz, zertxobait hazi da.

Nafarroan 53.185 lagun zenbatu zituzten lanik gabe maiatzean, aurreko hilabetean baino %2,31 gutxiago.

Gipuzkoan %0,79 jaitsi da langabezia maiatzean eta guztira 49.869 langabe daude.

Araban beherakada apalagoa izan da, %0,57koa; guztira 28.161 pertsona zeuden langabeziaren bulegoetan izena emanda.

Bizkaian, aldiz, gora egin du langabe kopuruak eta aurreko hilabetetik %0,19 igo da langabezia tasa. Guztira 100.188 langabe zenbatu dituzte.

Azken hamabi hilabeteetako eboluzioari erreparatuta, ordea, langabeziak goranzko joerari eutsi dio lau herrialdeetan. Araban %12,83 hazi da langabezia; Bizkaian, %10,57; Gipuzkoan, %10; eta Nafarroan, %7,34.