Naiz.info
Donostia

Errenta aitorpen bateratua ezabatzeaz hausnartuko du Gipuzkoako Aldundiak

Gizonen eta emakumeen artean desberdintasun «nabarmenak» antzeman ditu Gipuzkoako Aldundiak 2011ko PFEZaren aitortzaileen sexuan oinarritutako azterketan eta aitorpen bateratua ezabatzeko aukera hausnartuko du.

Aitorpen bateratua egiten duten emakumezkoen eta gizonezkoen arraila zertxobait murriztu bada ere, oraindik %40 ingurukoa izaten jarraitzen du, kasu honetan 10.589 eurokoa, eta errenta erabilgarria zuzenean erabiltzen ez bada ere esanguratsua da, Aldundiak egindako azterketaren arabera.

Hori dela eta, Gipuzkoako Aldundiak aitorpen bateratuak ezabatzeko aukeraz «gogoeta sakona» egingo duela iragarri du, «indarrean dagoen planteamenduak emakumeak lan merkatura sartzea oztopa dezakeelako, eta ohituraz emakumeen gain geratzen diren etxeko lanen eta zaintzaren paperak indartzen dituelako».

«Honek guztiak eraman gaitu Politika Sozialeko departamentuarekin batera, familiaren zergapetzearekin lotutako azterketa sakon bat abiatzera: tributazio bateratua, seme alabentzako kenkariak eta abar aztertuko dituena», adierazi du Itziar Miner Zerga eta Finantza Politikako zuzendariak.

Minerrekin batera, Laura Gomez Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendariak eman du errentaren genero azterketaren berri. Bere hitzetan, errenta aitorpena egiten duten emakumeen ehunekoa gizonezkoena baino txikiagoa da. «Beste adierazle batzuk azaltzen digute zergatik: lan ordainduan emakumeen okupazio tasa gizonezkoena baino baxuagoa da, eta errenta aitorpena egiteko gutxieneko errentara iristen ez diren pertsonen artean emakume gehiago dago gizonezkoak baino. Hau da, emakumeak lanaldi partzialeko lanpostuak izaten dituzte eta, beraz, soldata txikiagoak eta prekarioagoak», nabarmendu du.

Beste alde batetik, txosten honek adierazten du aitorpena elkarrekin aurkeztu duten bikoteen kasuan, %83,4an aitorlea gizona dela, bera izan edo ez izan unitate barruan diru sarrerak dituen pertsona bakarra. «Hau da, gizonak desgrabatzen du emaztea bere kargura edukitzeagatik», diote Aldunditik.

Hartara, zerga politika aldatzeko beharraz mintzatu dira Miner eta Gomez, genero irizpideak kontutan izanda, «bidezkoagoa izan dadin».