@gara_augarte
DONOSTIA

Prezioek gora egin dute maiatzean Hego Euskal Herrian

Prezioek gora egin dute maiatzean Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan, eta urte arteko inflazio tasa ere hazi egin da. INE estatistika institutu espainolaren arabera, erregaien prezioek eta elikagaien garestitzeak eragin du igoera.

Elikagaien prezioen gorakadak eragina izan du maiatzeko KPIn. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)
Elikagaien prezioen gorakadak eragina izan du maiatzeko KPIn. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)

Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) gora egin du Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan maiatzean, aurreko hilabetearekin alderatuta, INE estatistika institutu espainolak zabaldu duenez.

Igoera %0,1ekoa izan da Bizkaian eta Gipuzkoan; %0,2koa Araban eta %0,3koa Nafarroan.

Azken hamabi hilabeteotako eboluzioari erreparatuta, inflazio tasa hazi egin da lau herrialdeetan. Tasarik altuena Gipuzkoak du, %1,9koa, aurreko hilabetetik lau hamarren hazi da.

Bizkaian urte arteko inflazioa %1,8koa da, apirilean baino bi hamarren handiagoa.

Nafarroan %1,7ra igo da tasa, aurreko hilabetean baino lau hamarren gehiago.

Araban daukate tasarik baxuena, %1,4koa. Herrialde horretan ere lau hamarren hazi da.

INEren arabera, KPIren igoeran eragin duten faktoreak elikagaien prezioen garestitzea eta erregaien prezioak iazko maiatzetik hona gutxiago merkatu izana dira.