Mari OTXANDI - GAUR8
PARIS

Txalaparta Irratia, presoen senideen ahotsa

Radio Pays irratiko ‘Txalaparta Irratia’ saioa Parisen eta inguruan kartzelatutako euskal preso politikoei guztiz bideratuta dago egun. Asteartero 21:00etan puntuan hasten da saioa, presoentzako informazioa emanez; egungo esatariek, Mixelek eta Juanek, aukeratu eta aurkezten dituzte albisteak. 23:00ak baino lehen iristen dira presoentzako lehen deiak eta 23:30ak arte luzatzen dira. Zati hori luzeagoa zen lehen, baina Estatu frantsesak duela gutxi legea aldatu duenez, orain preso guztiek senideei kartzelatik bertatik telefonoz dei diezaiekete (lehen zigorra betetzeko kartzeletatik bakarrik egin zitezkeen deiak); horrenbestez, dei gutxiago dago egun.

Hamaika lagun igaro dira Radio Paysetik azken hiru hamarkadotan. (NAIZ.INFO)
Hamaika lagun igaro dira Radio Paysetik azken hiru hamarkadotan. (NAIZ.INFO)

Urte luzez, Ipar Euskal Herriko euskal irratiak (Irulegiko Irratia, Gure Irratia eta Xiberoko Botza) elkarlanean aritu dira eta astero bidaltzen zuten materiala Parisera. Egun, Internetek ematen dituen aukerei esker, irratsaio askoz gehiago eskaintzeko aukera dute. Hori asteazken eguerdian egiten dute: «Irratsaioa hamabietan hasten da, presoek ordu batetatik aurrera espetxe barneko ekintzak dituztela badakigulako. Ordubete horretan, Info7 irratitik hartutako bezperako eta egun horretako goizeko berriak igortzen ditugu, baita elkarrizketa batzuk ere», azaldu digu Mixelek.

Agintariak behin baino gehiagotan ahalegindu dira Radio Paysek euskal presoei egindako tartea bertan behera uzten. Ronald Gazzolaren esanetan, «1990eko hamarkadaren hasieran, Euskal Herriari buruzko erreportaje batean, pertsona bat bizkarra emanda agertu zen, telefonoa eskuetan irratira deitzen presoentzako mezu bat uzteko. Astebete geroago, irratia miatu zuten. AFPko berria: ‘Poliziak txosten batzuk eraman ditu.’ Ondoren, terrorismoaren aurkako epaileen aurrean agertzeko deia, hainbat kidek poliziak atzetik segika izan zituzten... Azkenean, ez zioten auziari jarraipenik eman. Txostenak asteko posta ziren...». 2007an, berriz, Euskal Herriarekiko elkartasun adierazpen oro garesti ordaintzen dela gogorarazteko-edo, Guardia Zibilak ‘Txalaparta Irratia’ saioko esataria atxilotu zuen Hernanin. Irratia miatu zuten berriro. Eta berriro ere auzirik ez. Noiz arte?