NAIZ.INFO
GASTEIZ

Martxoaren 3ko sarraskiaren oroimena bizirik mantentzeko murala egin dute Gasteizen

Asteetako lanaren ondotik, gaur aurkeztu dute Martxoaren 3ko sarraskia gogoratzen duen murala, Gasteizko Zaramaga auzoan. Bertsio ofizialak ezkutatu eta desitxuratu nahi izan duen gertakaria transmititu eta gizarteratzeko tresna izan nahi du horma-irudiak.

1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren memoria bizirik mantentzeko Zaramaga auzoan egin duten murala. (NAIZ.INFO)
1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren memoria bizirik mantentzeko Zaramaga auzoan egin duten murala. (NAIZ.INFO)

Martxoak 3 elkarteak Zaramagan mural ikusgarria aurkeztu du gaur, auzo horretan bertan jazotako sarraskiaren memoria bizirik mantentzeko.

Azken asteotan gogor eta auzolanean aritu ondoren iritsi da lana aurkezteko ordua.

Nabarmendu dutenez, batzar bat egiten ari zirela poliziak hildako bost langileen –ehun bat zauritu ere izan ziren– memoria bizirik mantendu eta Gasteizko langileriaren duintasuna islatzeko xedea du lanak.

1976ko martxoaren 3 hartan jazotakoa transmititu eta jendarteratzeko aurrerapauso bat da lana, elkartearen ustez, bertsio ofizialak geratutakoa ezkutatu eta desitxuratu nahi izan duelako beti.

Horrez gain, muralak indarberritu egin ditu egia, justizia eta erreparazioaren aldeko borrokan dihardutenak.