NAIZ.INFO
BILBO

Sei presori egindako harrerak ikertzeko eskatu dio Gobernu espainolak Fiskaltzari

Azken asteotan, sei euskal preso espetxetik atera direnean beren jatorrizko herrietan egin zaizkien harreretan delitu zantzuak daudela uste du Gobernu espainolak, eta horiek ikertzeko eskatu dio Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari.

Francisco Martinez Segurtasuneko Estatu idazkariak jakinarazi duenez, Barne Ministerio espainolak sei presori eginiko harreren informazioa igorri dio Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari, deliturik ote dagoen argitzeko.

Onda Cero irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean, Alberto Ruiz Gallardonek baieztatu du Gobernu espainolak hainbat presoren irteeran egindako «omenaldietan» «kriminalitate zantzuak» egon daitezkeela.

Ikerketetako batzuk Gobernu espainolak EAEn duen ordezkari Carlos Urquijok eskatu dituela azaldu du Gallardonek.

Segurtasuneko idazkariak sei kasuetako lau aipatu ditu: Jabi Martinez, Juan Ignacio Delgado, Juan Manuel Lopez Piriz eta Inma Pachorena. Europa Press agentziaren arabera, beste biak Juan Jose Legorburu eta Pagoa Zuluetarenak lirateke.