@aimar_etxeberria
DONOSTIA

Bidegi eta Bidelanen kontratua aldatu eta 17 milioi euro aurreztu ditu Gipuzkoako Aldundiak

Bidegik eta Bidelanek bien arteko kontratua negoziatu eta akordioa sinatu dute, aldatzeko, Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak jakinarazi duenez. Horren arabera, 17 milioi euro aurreztu ditu Aldundiak.

Joseba Altube eta Larraitz Ugarte, gaurko agerraldian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Joseba Altube eta Larraitz Ugarte, gaurko agerraldian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak eta Joseba Altube Bide Azpiegituretako zuzendariak prentsaurreko batean jakinarazi dutenez, Bidegik eta Bidelanek 2010etik biak lotzen zituen kontratua aldatzea adostu dute. Kontratu aldaketa horren arabera, gainera, 17 milioi euro aurreztuko ditu Aldundiak.

Kontratua aldatu izanagatik ere, zerbitzu bera ematen jarraituko du Bidelanek, 2018ko ekainera bitarte bataz beste urtean 3 milioi euro gutxiago jasoko baditu ere.

Kontratu aldaketan hitzartu dutenaren arabera, argindarraren titularra Bidegi bera izango da –lehen Bidelan zen eta gastu guztiak Aldundiak ordaintzen zizkion, baita hauen %7,7 ere–, eta bezeroentzako arreta zentroaren eskumena ere bere gain hartuko du sozietate publikoak.

Hala, Bidelanen fakturazioari dagokionez, 28,5 milioi gutxiago fakturatuko du 2018ra bitarte.

Azpimarratu behar da afera honetan Aldundiak aurreztuko duen kopurua ez dela 17 milioira mugatzen. Araban Bidelanek egiten duen lana ez ordaintzea erabaki zuen Diputazioak eta, bestetik, 2012ko fakturan 1,2 milioi gutxiago ordaintzea erabaki zuenez, 20 milioi izango dira Bildu Aldundian sartu zenetik gipuzkoarren aurreztu duten diru kopurua, Ugartek jakinarazi duenez.

Era berean, Bidelanek onartu egin du 2009 eta 2012 artean 15,6 milioi euro gehiago jaso dituela. Aldundiak, bere aldetik, epaitegietan sozietate pribatuaren aurka jarritako lesibitate helegitea kendu egingo duela adierazi du.