NAIZ.INFO
BILBO

Zinegoak jaialdiak 31 herrialdetako 85 lan eskainiko ditu Bilbon, hamaikagarren edizioan

Zinegoak Bilboko Gay-lesbo-trans Nazioarteko Zinema eta Arte eszenikoen jaialdiaren hamaikagarren edizioa urtarrilaren 20tik 27ra bitartean ospatuko da, eta guztira, 31 herrialdetako 85 lan eskainiko ditu.

Javier Regalado Hegoak elkarteko presidenteak, Pau Guillen jaialdiaren zuzendariak eta Karmele Merino zuzendaritza laguntzaileak prentsaurrekoa eman dute aurtengo jaialdia aurkeztuko.

Zinegoak urtarrilaren 20an hasiko da, Bilboko Arriaga Antzokian, Maitena Salinasek aurkeztuko duen ekitaldian. Aurtengo edizioan, Bok a Bok San Petesburgoko Zinema Gay, Lesbiko, Bisexual eta Transexual jaialdia izango da aurtengo ohorezko saria jasoko duena.

«Guretzat ekitaldi, ludiko, kultural eta soziala den jarduera, Errusian, oraindik, antolatzaileen eta parte hartzen duen publikoaren segurtasuna arriskuan jartzen duen aldarrikapen ekintza bat da», Pau Guillenen esanetan.

Halaber, aurtengo edizioan, haurtzaroa eta nerabezaroa lantzen duten obrei emango zaie lehentasuna, «pertsonen heldutasunera daraman prozesua markatzen duten onarpen propioa eta besteekiko harremanak garatzen baitira bi aro hauetan». Hori dela-eta, «Haurtzaro eta nerabezaro» film laburren programa proiektatuko da.

Gainera, ‘Tuburao’ (Marrazoa) Malika Zouhali-Worrall eta Katherine Fairfax Wright zuzendarien dokumental brasildarraren mundu mailako estreinaldia izango da jaialdian, eta bost euskal lanek ere lekua izango dute: Jose Antonio Cortesen ‘Desnudos’, Estela Osorioren ‘El Pastel’, Deibid Lyon, Mirian Alonso eta Manuel Arcoren ‘Adiós a la japonesa’, Andrea Caltranen ‘El anhelo del cangrejo’ eta, azkenik, ‘Maitasun ipuinak familian’ ipuin-kontaketa.

Denera, aipatu bezala, 31 herrialdetako 85 lan izango dira ikusgai Zinegoak jaialdian: sei lan eszeniko, fikziozko 13 luzemetrai, bederatzi dokumental luze, fikziozko 44 film labur eta 13 film labur esperimental.

Zinegoak Hedapena ekimenean parte hartzen duten udalerrien hazkundea nabarmendu dute antolatzaileek, 11 baitira aurten: Getxo, Leioa, Sopela, Durango, Errenteria, Basauri, Donostia, Sestao, Portugalete, Igorre eta Hernani. «Jaialdiak urtero-urtero interes handiagoa pizten duen seinale da hori», Karmele Merinoren aburuz.

Horretaz gain, lokalen igoera ere azpimarratzekoa da, Off sailari dedikatuko zaizkion BilbaoArte eta Espacio Suberviola lokalei esker, bederatzi baitira erakusketa lokalak.