NAIZ.INFO
DONOSTIA

Deskargako mendateko lanetan segurtasun plana ez zela bete ondorioztatu du Osalanek

Deskargako lanetan irailean izan zen istripuaren arrazoiak ikertzeko Osalanek egin duen txostenean jasotzen denez, ez zen segurtasun plana bete. 33 urteko langile bat hil zen.

Deskargako lanak. (Gotzon ARANBURU/ARGAZKI PRESS)
Deskargako lanak. (Gotzon ARANBURU/ARGAZKI PRESS)

Joan zen irailaren 18an 33 urteko langile bat hil zen Deskargako mendatean, GI-632 errepidean egiten ari diren lanetan. Gidatzen ari zen kamioia aldapa batetik erori zen eta bertan zendu zen.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Lapatza aldi baterako enpresa elkarteari (ABEE) esleitu zizkion lanak, eta ABEE horrek Aballa enpresa azpikontratatu zuen. Istripuaren ondoren, Aldundiak Aballa apartatu zuen obretatik, istripuaren zergatiak argitu arte.

Osalanek egin duen txostenak ondorioztatu duenez, Lapatza ABEEaren segurtasun plana ez zen bete. Kamioia erori zen aldatsak %33ko batez besteko malda zuen, eta planak %12koa ez gainditzea gomendatzen du.

Gainera, ibilgailuak segurtasun uhalik ez zuela aditzera eman du txostenak. Zerbitzuko galgan izandako akats baten ondorioz amildu zen kamioia.

Osalanen arabera, zenbait langilek akats horretaz ohartarazi zioten azpikontratako gerenteari, baina honek ez zien jaramonik egin.

Lan Ikuskaritzak Osalanen txostena aztertu eta erantzukizunik dagoen erabaki beharko du.