@belastegi
Donostia

Txillardegiren idazle lanari balioa emango dion uda ikastaroa eskainiko du EHUk

Matrikula doakoa izango da izena ematen duten guztientzat Gipuzkoako Aldundiaren ekimenez. 30 orduko balioa izango du, beraz, hiru kreditu eskuratuko dituzte ikasleek. Donostiako Miramar Jauregian emango dira eskolak ekainaren 23 eta 25 bitartean.

Fito Rodriguez EHUko irakaslearen gidaritzapean eskainiko dute hainbat adituk Jose Luis Alvarez Enparanza ‘Txillardegi’ren obraren inguruko uda ikastaroa. ‘Txillardegi eta euskal idazleak’ egungo literaturan idazle donostiarrak utzi duen isla aztertzea izango du helburu. Soziolinguistika arloan eta euskararen aldeko herri mugimenduetan egindako ekarpenagatik ezaguna bada ere, Txillardegi idazlearen figura goraipatu nahi dute.

«Donostiako liburutegi nagusiari bere izena jarri nahi izan genion baina ez genuen lortu, nire ustez ezjakintasunagatik», aipatu du Rodriguezek aurkezpenean. «Ikastaroan bere lanak ikuspegi kritiko batetik aztertuko ditugu idatzitakoa ezagutzera emateko, idazle bati egin diezaiokegun omenaldirik onena hori delako», gaineratu du. Ikastaroaren ustez, Euskaltzaindiak, unibertsitateak eta Donostiak berak ez diote egindako lana behar bezala aitortu.

Oraingoan EHUk oniritzia eman dio ikastaro honi eta Donostia Kulturak ere bere babesa eskaini dio. Aldundiak, berriz, partaide guztien matrikulak ordainduko ditu jakintza hau guztien eskura egon dadin. Honela idazlearekin dituzten «zorrak kitatu» nahi dituzte. Hala ere, sarrera ikastaro bat besterik ez da izango; «Txillardegiren lana biltzeko, aztertzeko eta sustatzeko denbora askoz gehiago behar da», aipatu du Rodriguezek.