@iontelleria

NAIZ .eus izango da aurrerantzean

Abian da .eus domeinua 92 aitzindarien eskutik eta aurrerantzean NAIZ ere .eus izango da, sarean euskararen eta bere kulturaren aterpe teknologikoaren parte bihurtuz. Larunbatean iragarri zuen Puntu Eus Fundazioak domeinu berrien abiatzea eta pixkanaka domeinu aldaketa egiten ari dira proiektura batu diren hedabide eta elkarteak. Erabiltzaileei arazoren bat edo beste sor diezaioke aldaketa garaiak.

 ICANN Erakundeak .eus domeinua onartu duela ospatzeko ekitaldia PuntuEus Fundazioaren eskutik, iazko ekainean. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)
ICANN Erakundeak .eus domeinua onartu duela ospatzeko ekitaldia PuntuEus Fundazioaren eskutik, iazko ekainean. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

Aurrerantzean NAIZ ere .eus izango da. Hurrengo ordu eta egunetan aldaketa prozesuari ekingo dio interneteko atariak domeinu berrira egokitzeko. NAIZen sustatzaile den EKHEk, beste askorekin batera, bultzatu duen 6 urteko elkarlanaren emaitza da .eus domeinuaren abiaratzea. Euskararen eta euskal kulturaren aterpe teknologikoa izango da aurrerantzean domeinu berria, interneten bakoitza zer denaren abizena.

Larunbatean iragarri zuen Puntu Eus Fundazioak 92 aitzindarien zerrenda eta domeinuaren zabalpen fasea. 9 enpresa, 23 erakunde publiko, 14 hedabide eta euskal kulturgintzan ari diren 46 entitate dira prozesuaren hedapena abiatu dutenak. Horietako askoren web helbideak .eus dira, jada, eta falta direnek hurrengo orduetan egingo dute aldaketa.

Trantsizio garaia

Astelehen honetan hasita ekin dio NAIZek domeinu aldaketari eta orain arte .info ziren helbideak .eus izatera pasako dira. NAIZen edukietan ez du aldaketarik izango baina aurrerantzean NAIZ.eus idatzi beharko da nabigatzailean atarira sarbidea izateko (.info domeinua ez da bertan behera utziko, oraingoz, bertara doazenak .eus-era bideratuz).

Aldaketak lotura arazoren bat eragin dezake. Halakorik gertatuz gero harremanerako txantiloia baliatuz konpontzen laguntzeko eskaria egin du hedabideak.