naiz
usurbil

‘Zebra bidea’ irratsaioa, Kazeta.eus eta Hamaika, Argia sarietako protagonisten artean

Infozazpi irratian eta Arrosa Sarean emititzen den ‘Zebra Bidea’ saioak jaso du irratigintzako Argia Saria. Internetekoa, Kazeta.eus-ek eta Ipar Euskal Herriko beste lau hedabidek 2014ko herriko etxeetako bozen inguruan elkarrekin egindako lanagatik jaso dute. Hamaika TB ere saritua izan da ikus-entzunezkoen alorrean, ‘Identitateak’ saioagatik.

Aurtengo Argia sarituak. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Aurtengo Argia sarituak. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Usurbilgo Atxega Jauregian banatu dira gaur arratsaldean urteroko Argia Sariak. Nekane Zinkunegik gidatzen duen ‘Zebra Bidea’ saioak eskuratu du irratigintza alorrekoa. Orain hamar urte Gasteizko Hala Bedi irratian sortu zen saioak bilakaera izan du, eta egun Arrosa Sareko erreferentzia nagusiena da. Infozazpin ondu eta sarea osatzen duten hogei bat irratitan emititzen da arratsaldero.

Internetari dagokionez, auzolana oinarri izan duen proiektu amankomuna saritu dute. Hain zuzen, Kazeta.eus-ek, Euskal Irratiek, Ipar Euskal Herriko Hitzak, Kanaldudek eta ‘Herria’ astekariak osatutakoa, eta iazko herriko etxeetako bozen inguruan egindako lana saritu dute. Saria, orain hilabete batzuk zendu zen Aitor Renteria ‘Txato’ kazetariari eskaini diote, egitasmoaren sustengatzaileetako bat izateagatik.

Hamaika TB ere Atxega Jauregian izan da. Zehazki, Nagore Uriartek gidatzen duen ‘Identitateak’ programak jaso du saria, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bultatzeagatik.

Publizitateari eskaintzen zitzaion saria, Sustapenerako Argia Sari bilakatu da. Aurtengoan, elkarlanean Euskal Herriko milaka eta milaka lagun eskuz esku batu zituen Gure Esku Dago ekimenari egokitu zaio.

Paperezko argitalpenen alorrean, urtean behin argitarartzen den ‘Entzun’ aldizkaria izan da saritua, euskal musikagintzan erreferente izateagatik.

Merezimenduzko saria ere banatu dute eta Aiaraldea proiektu komunikatiboari eman diote. Interneteko atari batean jaio zen egitasmoak paperera ere jauzi egin du eta eskualdeko euskarazko komunikabide erreferente bilakatzea lortu du.