NAIZ
DONOSTIA

Joseph Camino Hasquet ohorezko euskaltzaina zendu da

Joan den larunbatean hil zen Joseph Camino Hasquet behenafartarra 88 urte zituela. Apaiza eta idazle, ‘Pan Pin’ aldizkaria sortu zuen. Hileta elizkizuna datorren asteazkenean izango da Kanboko elizan, arratsaldeko 15.00etan.

Joseph Camino Hasquet ohorezko euskaltzaina zendu da.(EUSKALTZAINDIA)
Joseph Camino Hasquet ohorezko euskaltzaina zendu da.(EUSKALTZAINDIA)

Joseph Camino Hasquet ohorezko euskaltzaina joan den larunbatean hil zen 88 urte zituela. Euskaltzaindiak 1961eko abuztuaren 25ean euskaltzain urgazle izendatu zuen, eta 2004ko azaroaren 26an ohorezko euskaltzain.

Camino Hasquet 1965ean Baionako apaiz nagusi hautatu zuten eta lau urte geroago, 1969an, Hazparneko misiolarien buru. Era berean, Hazparneko apaiz nagusi izan zen 1976an, Baionako katedraleko apaiz nagusi 1982an, Seminarioko buruzagi 1987an, Ipar Euskal Herriko bikario nagusi 1990ean, eta apaiz laguntzaile Getarian (Lapurdi) 2002an.

Besteak beste, ‘Pan Pin’ haurrentzako komiki aldizkaria sortu zuen, eta Zeruko Argiak argitaratu zuen 1960tik 1970era bitartean. ‘Etxea’, ‘Gazte’, ‘Otoizlari’ eta ‘Herria’ aldizkarietan ere idatzi izan du noizbehinka. 2008an, ‘Herria maitez, Eliza maitez’ liburua argitaratu zuen.

2014ko azaroaren 29an Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako ‘Parrapean - Komiki Egunak’ jardunaldietan ‘Pan Pin’ aldizkaria sustengatzeagatik ‘Parrapean’ izeneko saria jaso zuen.