@arianekamio
Donostia

Geruzaz geruza eraiki du Ramon Saizarbitoriak ‘Lili eta biok’

‘Lili eta biok’ da Ramon Saizarbitoriak argitaratu duen lanik berriena, geruza anitzeko nobela, non kasualitateek narrazioaren eraikuntzan presentzia irmoa izango duten.

Ramon Saizarbitoria, bere azken lanaren aurkezpenean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Ramon Saizarbitoria, bere azken lanaren aurkezpenean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Lili nerabe argi bat da eta Faustino Iturbe –‘Martutene’tik erreskatatutako pertsonaia– gaixorik dagoen agure zahar bat. Bien arteko harremanetik geruza desberdinez eraikitako narrazioa ondu du Ramon Saizarbitoriak. ‘Lili eta biok’ (Erein) ondare baten transmisioa ere bada, 36ko Gerrari egiten dizkion erreferentziak kontutan hartuz gero.

Baina izatez kasualitateetatik hartutako hari muturrez josten den hari nagusi bat da idazle donostiarrak egindako azkena. «Dago ezustea, kasualitatea. Ze garrantzi duen bizitzan kasualitateak. Eta horrek literaturan nola jolasteko bidea ematen duen», esan du autoreak alearen aurkezpenean.

Heriotza, gaixotasuna, gerra... dira kontakizunean baliatzen dituen gaietako batzuk, bere aurreko lanetan ere maiz erabili dituenak. «Aspertuta nago nire nobelek duten irakurketa politikoaz. Neronek agian gehiegi hitz egiten dut horretaz elkarrizketetan-eta, baina kasu honetan pertsonaiak aldarrikatu nahi nituzke», gaineratu du.