NAIZ
IRUÑEA

Ntb11, Iruñerriko euskarazko telebista kate berria

Iruñerriak euskara hutsezko telebista kate bat izango du: Ntb11, Nafar telebistaren eta Hamaika Telebistaren ekimenez. 38. kanala birsintonizatu beharko da ikusteko.

Julian Iantzi, Leire Ferro, Iñaki Uria eta Iñaki Redin, Ntb11 kate berriaren aurkezpenean. (ARGAZKI PRESS)
Julian Iantzi, Leire Ferro, Iñaki Uria eta Iñaki Redin, Ntb11 kate berriaren aurkezpenean. (ARGAZKI PRESS)

Ntb11 Iruñerriko euskara hutsezko kate berria aurkeztu dute gaur. Nafar Telebistaren eta Hamaika Telebistaren kolaborazioan oinarritutako ekimena da eta 38. kalanean eskainiko ditu emanaldiak.

Kate berri honek espersuki beretzat ekoiztuko diren edukiez gain, Hamaikak eta Nafar Telebistak sortutako programak ere eskainiko ditu. Aurkezpenean nabarmendu dutenez, Hamaikaren zazpi urteko eskarmentuak eta Nafar Telebistaren gaztetasunak eta inguruaren ezagutzak bat egingo dute «kalitatean eta gertutasunean» oinarritutako edukiak sortzeko.

Hala, ahalegin berezia egingo dute Iruñerrirako euskarazko albistegi bat ekoizteko, egunerokotasunari lotuako errealitate politiko, sozial eta kulturala ikusleei euskaraz eskaintzeko.

Nafar Telebistak eta Hamaikak egun dituzten formatuak Iruñerrira egokituko dituzte eta eskualde horretako eragile sozial, politiko eta kulturalek nahiz kirol alorrekoek Ntb11ren platoetan tokia izango dute.

Eduki horietaz gain, Nafar Telebistak bere lehenengo katearen bidez Nafarroa osora hedatzen dituen euskarazko edukiak ere ikusgai izango dira Ntb11n, hala nola pilota partidak eta zuzeneko festa eta kultur emanaldiak.

Katea abian jarri eta lehenengo hilabeteak frogazkoak izango dira, martxa hartu eta eskualdera egokitutako edukiak sortu bitartean. Aurkezpenean adierazi dutenez, «funtsezkoa izango da Nafarroako aldaketaren Gobernuak euskarazko hedabideen berariazko defentsa egitea, urteetan egon den politikari inflexio puntua jarriz, eta euskararen normalizaziorako estrategikoak diren ikus-entzunezkoei beren garrantzia ematea, bi hizkuntza ofizialen arteko oreka bilatze aldera».