NAIZ

Hamahiru lagun atxilotu dituzte hezkuntza sistema propioaren aldeko mobilizazioetan

Euskal Herriko ikastetxe eta unibertsitateetan greba eguna dute Ikasle Abertzaleak erakundeak deituta, hezkuntza sistema propio baten alde. Lehen ordutik hainbat batzar, tailer eta protesta egin dituzte ikastetxe eta campus desberdinetan. Gasteizen eta Iruñean istiluak izan dira eta hamahiru lagun atxilotu dituzte.

Goizeko lehen ordutik ikasleak batzarrak, tailerrak eta protesta desberdinak egin dituzte Euskal Herriko unibertsitate eta institutuetan. Gasteizko campusean Ertzaintzak protesta burutzen eta grebaren berri ematen ari ziren hamarnaka ikasle atxiki ditu. Campusa itxita dagoela jakinarazi du Lakuako Segurtasun Sailak eta hainbat sarrera blokeatuta agertu direla.

Arabako hiriburuan istiluak hirigunera zabaldu dira. Eguerdian, manifestazioaren ondoren, Ertzaintza ikasleen aurka oldartu da eta bederatzi gazte atxilotu ditu, Lakuako Segurtasun Sailaren arabera. Era berean, lanean zeuden kazetariak mozal legea aplikatzearekin mehatxatu dituzte ertzainek. San Prudentzio kalean, Hezkuntzaren Ordezkaritza dagoen tokian, izan dira liskarrik handienak manifestari eta polizien artean. Ertzaintzak hainbat karga egin ditu gazteen aurka eta hainbat zauritu eragin ditu.

EHUk ohar batean unibertsitatean izan diren «istilu larriak» salatu ditu. Grebalariek campuseko sarrerak itxi, pintaketak egin, ateak hautsi eta bestelako altzarietan kalteak eragin dituztela adierazi du.

Iruñean ere liskarrak izan dira. Eguerdiko manifestazioa bukatuta, espainiar Poliziak pilotak jaurti ditu, baina azkar sakabanatu dira gazteak. Gobernu espainolaren Ordezkaritzaren arabera, lau lagun atxilotu dituzte. Adin Txikikoen epailearen aurrean deklaratu ostean aske utziko dituztela adierazi diote Efe agentziari, desordena publikoak leporatuta.

Bilbon, San Mameseko campusean, era berean, asteartean egindako itxialdiaren ostean, prentsaurrekoa eskeini dute. Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere itxialdia burutu dute.

Donostian manifestazioa egin dute, arazorik gabe.

Baionan, Baxoa osorik euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu dute.

«LOMCE ezkutuan aplikatzen ari dira»

Ohar baten bidez IAk salatu duenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan «LOMCE ezkutuan aplikatzen ari dira», Heziberri 2020 izeneko legearen bidez. «Gure testu-liburuetan aldaketak egin dira, erlijioa blindatu egin da eta ebaluazioei dagokienez aurten errebalidak LHko 3. eta 6. mailan egiten saiatuko dira», jakinarazi dute. Honen aurrean, ikasle, irakasle eta gurasoen batasuna eskatu dute.

Nafarroaren kasuan ere LOMCE indarrean dela gogorarazi dute. «Erregimena gobernu autonomikotik kanporatu arren, ez dira eman beharreko pauso minimoak ere eman. Mendozak zuzendutako hezkuntza sailak besteak beste ez du oraindik euskaraz ikasteko eskubidea bermatu. Gainera, irakasle izateko oposaketetan hizkuntzaren araberako bi zerrenda berezituak mantenduko dira. Ez hori bakarrik, ez da Lanbide Heziketetarako euskararen zabalpena edota lehen hezkuntzarako euskarazko matrikulazioa sustatu», azpimarratu dute.

Ipar Euskal Herriaren kasuan, euskaraz ikasteko zailtasunak nabarmendu dituzte. «Unibertsitatean euskaraz ikasteko UPVra joatera behartzen gaituzte, bidean hamaika traba jarriz. Frantses estatuak okupatutako lurretan ere ikasleok garrantzia izugarria dugu, gure herriaren desagerpena eragiteko saiakerei buelta eman eta langile zein laborarion mesedera, gure hizkuntza zein kulturaren hedapenaren alde egingo duen hezkuntza eredua eraikitzeko». Honen aurrean, ikasketak euskaraz burutzeko beharra nabarmendu dute.

Lanbide Heziketetaren kasuan, bitartean, «prekarietatea gero eta sakonagoa dela» salatu dute. «Gure praktikak lanpostuak kubritzeko erabiltzen dituzte enpresa askotan, ez formazio integral bat eskaintzeko». Unibertsitateetan bestetik, Europar Batasunetik datozen legeak sortzen duten «kaltea» arbuiatu dute. «Modu sutilean baina sendo, nazioarteko merkatu globalizatuaren beharrei gero eta gehiago erantzuteak euskara mapatik kentzea eragiten du, gure herriaren errealitatea eta beharrak alboratzea, prezioak handitu edo plazak murriztuz unibertsitaterako sarbidea mugatzea, edota ikasle asko dauden mailak edukiz hustutzea».

Hau dela-eta, Euskal Herriak hezkuntza sistema propio bat behar duela aldarrikatuko dute gaurkoan: «Herritik eta herriaren mesedera dagoena, euskalduna, herritarra, askatzailea eta feminista izango dena. Argi dugu ez dagoela horrelako proiektu bat bi estatuon zein Europar Batasunaren legalitatearen barnean eraikitzeko inolako aukerarik. Horregatik, martxoaren 17ko mobilizazio egun masibo honetan ikasleok kalera atera behar gara Euskal Herriko eragile eta hezkuntza komunitate osoari argi eta garbi exijitzeko: abiatu dezagun behingoz Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzeko prozesu eratzailea».