Gotzon ARANBURU
DONOSTIA

Kaixomaitia

Gure aiton-amonek ligatu, ligatu, gutxi egiten zuten. Haien senargai edo andregai nor izango zen askotan gurasoek erabakitzen zuten, baina erromerietan-eta ere osatzen ziren bikoteak, trikitiaren edo dultzainaren doinuen pozean. Harremanetan hasteko moduak asko aldatu dira ordudanik, eta lerro hauek irakurtzen ari diren gehienek ikastetxean, tabernan edo diskotekan topatuko zuten bikotekidea. Baina Interneten aroan berriro aldatu dira gauzak, eta egun gero eta gehiago ligatzen da online. Euskaldunon artean Kaixomaitia.eus ataria izan da aitzindaria online dating honetan; eta dagoeneko lau mila erabiltzaile inguru saiatu dira euskaraz harremanetan hasten, baita lortu ere askok eta askok.

Kaixomaitia.eus atariak aukera asko eskaintzen ditu.
Kaixomaitia.eus atariak aukera asko eskaintzen ditu.

2003an Ingalaterran bizi zen Iñigo Arandia tolosarra. Egun batean, telebistan ikusten ari zen dokumental batean, ligatzeko zenbat arazo zituen azaldu zuen protagonistak, estatubatuarra berau, eta interneteko webgune batekin saiatzen ari zela. Bilaketa nola egiten zuen azaltzen zen pantailan. Bonbila piztu zitzaion Iñigori: «Honek euskaldunekin ere funtziona dezake» pentsatu zuen, irudiok ikustearekin batera. 2007an, ordurako Euskal Herrira itzulita, kaixomaitia.com jarri zuen martxan, ondoren .eus domeinua hartuko zuena.

«Freemium eredua aukeratu nuen. Hau da, webgunean izena ematea doakoa da, eta horrek oinarrizko zerbitzua jasotzeko eskubidea ematen du. Webguneko zerbitzu osoa izateko –beste erabiltzaile bati idatzizko mezuak bidaltzeko, adibidez– kuota bat ordaindu behar da» azaldu du Iñigok. Jakina, edozelako harreman mota bilatu daiteke, lau ataletan banatzen baita ataria: Kaixo maitia, Kaixo LGTBI, Kaixo +55 eta Kaixo maitale.



Aurreneko pausoa erregistratzea da, izena ematea. Norberaren deskripzioa egin behar da –adina, herria, zeure ezaugarriak eta bilatzen duzun pertsonarenak, hobbyak eta beste edozein informazio baliagarri– eta argazkia gehitu, nahi izanez gero. Kaixomaitiako arduradunek profil edo soslai hauetako bakoitza begiratzen eta egiaztatzen dute, esaterako soslaia euskaraz dagoela eta argazkia ez dela internetetik jaitsitakoa, eta oniritzia ematen diotenean erabiltzailea hasi daiteke bilaketak egiten eta interesgarri iruditzen zaizkion beste soslaiekin harremanetan jartzen, zuzenean. Doako harpidetzan aukerak mugatuak dira eta ordainpekoan zabalagoak. Aldatzen ez dena Kaixomaitiaren ikuskaritza da, atariak seriotasuna izatea lehen helburu baitauka: troll delakoak eta bazter nahasleek ez dute tokirik hemen.

Mota honetako webguneek, edozein hizkuntzatan direla ere, bi zutabetan oinarritzen dute arrakasta: erabiltzaile kopuruan –zenbat eta gehiago, orduan eta erakargarriago– eta erabiltzaile horiek argazkia jartzean. Azken batean, itxura fisikoa denok baloratzen dugu, begietatik iristen zaigu hurkoaren lehen inpresioa.

Horregatik azpimarratzen du Arandiak oso garrantzitsua dela naturaltasunez jokatzea, lasai asko onartzea bikotekide bila ari zarela –webgunearen bidez kasu honetan– eta argazkia jartzeko beldurrik ez izatea, mundu guztiak jakin nahi baitu norekin ari den harremanetan. Hori bultzatzeko, prezio politika jakin bat aplikatzen da Kaixomaitian. Argazkia irekian jarriz gero, edonork ikusteko moduan, gutxien ordaintzen da, sei hilabetean 24 euro inguru. Bigarren formula «argazki pribatua» da, hau da, soilik beste erabiltzaile batek, norbaiten soslaia ikusi eta gero, eskatzen duenean erakusten zaiona. Inongo argazkirik jarri gabeko formula da garestiena.

Lotsatiak

«Lotsatiak al garen euskaldunak? Ba bai, egia hori da. Besteek zer pentsatuko ote duten, erreparo hori, badaukagu oraindik, bai. Begira, gauza bitxi bat aipatuko dizut. Hamar urteotan Kaixomaitia ezaguna izatera iritsi da, edo iristen ari da gutxienez, eta bada jendea gustura gurekin egongo litzatekeena, baina web erdaldunetan eman duena izena, pentsatuz horrela «oharkabean» pasako dela, zerbait lotsagarria egiten ariko balitz bezala. Eta, gainera, zer lortzen duzu Sevillako bat kontaktatuta? Normalean, zure inguruko batekin nahiko duzu harremana. Errespetatzen dut, baina ez da praktikoa. Ulergarria da babestu nahi izatea, benetan webgunean bikotekide bila ari ez den norbaitek zu ikustea ez nahi izatea, baina horretarako daukazu aukera zure bilaketa eremuak zehazteko eta mugatzeko, baita geografikoki ere, edota argazki pribatua erabiltzeko» dio Iñigok.

Mota honetako webguneetan gizonezko-emakumezko erabiltzaileen ratioa 3-1 edo 4-1 izan ohi da. Hau da, gizonezko «eskaintza» askoz handiagoa da normalean, eta hori ekiditeko hainbat webgunek ez diete kobratzen emakumeei, genero berdintasunaren ikuspegitik eztabaidagarria izan daitekeena. Bada Kaixomaitian ratioa 2-1 da, alegia, bi gizonezko emakume bakoitzeko. Adinari dagokionez, 30-50 urte tarte hori du jomuga nagusia atari euskaldunak, eta erabiltzaileen bataz besteko adina pixka bat altuagoa da emakumeen kasuan, 36 urte, gizonezkoena 34koa den bitartean. Jatorria, berriz, %50 gipuzkoarra da, %25 bizkaitarra, %10 nafarra… hau da, euskalgintzako beste zerbitzu eta eremuetan ematen den proportzio bera.

Julen Uribe abadinoztarra da Kaixoamitiako erabiltzaileetako bat. Bi urte apaiztegian egin zituen nerabezaroan, gero hamalau urte eman zituen itsasoan beharrean, eta orain argazkilari profesionala da. «Jendeak uste du sexu bila aritzeko dela soilik webgune hau, baina ez da hala, besterik gabe lagunak egiteko ere tresna ona da, baita bide batez euskara bultzatzeko ere. 40 urtetik gorako emakumeak lotsatu egiten dira euskaraz ligatzeaz, gaztelaniara pasatzen dira, ez dakit zergatik. Amorrua ematen dit horrek» dio gizon adeitsu honek.



Garbi dauka Julenek ligatzeko argi jokatu behar dela, ez dela gezurrik esan behar interneten: «Zein lan duzun, familia duzun ala ez, hori dena garbi esan behar da, norbera den bezalakoa azaldu behar da. Gezurrak bide motza du. Natural jokatu behar da, ondo pasatzen saiatu gauzak behartu gabe. Igual Donostiako Alde Zaharrean berbaldi bat eta trago batzuk, gero ibilalditxo bat Paseo Berrian, eta gero… bada sortzen dena, ezer sortzen bada. Eta ez pentsa, zaila da, gero!, zaila da emakume euskaldunekin. Ez lehenengo egunean, hamargarrenean ere bai… Batzuei ezin zaie ezer politik esan, kapaz dira popatik hartzera bidaltzeko! Beste batzuk adeitsuagoak dira. Gazteak ezberdinak dira. Argazkilari izanik, egon izan naiz lanean kontzertuetan, eta ikusten dut nola neskak diren ‘atakatzen’ dietenak barran garagardoarekin dauden mutilei. Berehalaxe gure gazte garaian!».

Ez nahitaez bikote eredu «tradizionala»

Normalean, lauzpabost hilabete ematen ditu erabiltzaileak Kaixomaitian, eta tarte horretan dezente harreman izaten ditu, bai idatzizkoak eta bai bertatik bertakoak, azken helburua ia beti azken hori baita. Osatu diren hainbat bikoteren mezuak jaso izan ditu Iñigok, eta pozik hartu ere, baina atariaren helburua ez da nahitaez bikote eredu «tradizionala» sustatzea. Erabiltzaile bakoitza mundu bat da eta bakoitzak daki zer bilatzen duen eta zer eskatzen duen. Ez dago estatistikarik, baina Iñigok daukan susmoa da beharbada gizonek gehiago bilatzen dituztela harreman puntualak eta emakumeek epe luzerakoak, baina irudipen bat besterik ez da, inolaz ezin dena orokortu.

Boisetik ere bai

Henar Chico bizkaitarra Boisen (AEB) bizi da egun, duela urte batzuk joanda. Euskara han ikasi du, Ameriketan. Arratsaldeko ordubietan daukagu jarrita hitzordua berarekin, Skype bidez, zortzi orduko aldea dagoenez goizean lanera abiatu aurretik gurekin minutu batzuk solastu dadin. «2010ean eman nuen izena Kaixomaitian, proba egiteko, ea zer gertatzen zen. Nahiz eta Euskal Herritik hain urrun bizi, niretzako oso esperientzia ona izan da, mezu asko jaso baititut. Arazoa hori da, elkarrengandik urrun egotea, eta gutxi daude prest hilabeteak eta hilabeteak itxoiteko trago bat elkarrekin hartzeko». Henarrek ondo ezagutzen du Estatu Batuetako egoera, online dating delakoari dagokionez, eta erabat hedatua dagoela esan digu. Bere kasuan, epe luzerako harreman bat izan nahiko luke norbaitekin; zail ikusten duen arren ez dauka etsitzeko asmorik.

Ez daukate Kaixomaitian konpetentziaren beldurrik, ez behintzat euskaraz. Are gehiago, nahiko lukete atari gehiago aritzea euskaraz, eta elkarlanerako ere prest leudeke. Izan ere, honen guztiaren atzean euskaldunok bizitzako arlo guztietan euskaraz aritu ahal izateko aukera ematea dago, teknologia berriak barne. Horregatik, «eta zergatik ez zenuten gaztelaniazko ataria sortu, ez al zenuketen bezero gehiago izango?» galdera espero zuen Iñigok, eta erantzuna prest dauka: «Bai, eta ingelesez eginez gero gehiago, eta txineraz zer esanik ez. Esan dizudana, hau euskaldunek euskaldunentzat sortutako zerbitzu bat da, ez gehiago eta ez gutxiago. Euskal «merkatu» bat badago, masa kritikoa badago, eta hori da gure eremua eta gure erronka».

Internet, harremanak egiteko sailkapenean hirugarren

Ikuspuntu orokor batetik, online dating-a oso ondo funtzionatzen ari da Alemanian, Ingalaterran, Estatu frantsesean eta espainiarrean. Mundu mailan, edo hobeto esanda interneterako sarbidea daukan munduan, duela hamabost-hogei urte ez izatetik gaur egun harremanak egiteko hirugarren era izatera pasa da. Sailkapenean lehenengoa lagunen bidezko kontaktua da, bigarrena tabernan egindakoa eta hirugarrena internet medio egindakoa. Arandiak aurrikusten duenez, bost urte baino ez dira beharko internet bikotekidea aurkitzeko aurreneko bidea bihur dadin, eta batez ere telefono mugikorra izango da horretarako tresna.