NAIZ
Temuco

Otsailetik komunitate maputxe batekin zegoen irundar bat atxilotu du Txilek, kanporatua izateko

Komunitate maputxe batekin zegoen Iban Gartzia irundarra atxilotu du Txileko Poliziak. Gertukoek jakinarazi dutenez, gaur gauean kanporatua izango da. Kimche Mapu irratiak adierazi duenez, ez du inongo akusaziorik edo auzi irekirik.

Iban Gartzia irundarra atxilotu du Txileko Poliziak. Wallmapun komunitate maputxe batekin zegoen eta kanporatua izateko asmoarekin atxilotu eta Santiagora eraman dute. Hala ere, gertukoek adierazi dutenez, ez dakite une honetan non dagoen.

Berez, bihar bertan iritsi beharko litzateke Madrilera. Otsailetik zeraman bertan eta Kimche Mapu irrati komunitarioan aritzen zen. Werken atariak zabaldu duenez, irundarra Currarrehuen, Araucanian, atxilotu dute. Bertan mapundungunaren (maputxe herriaren hizkuntza) inguruko tailer batetan parte hartzen ari zen.

Ohar baten bidez adierazi dutenez, ez du inongo akusaziorik edo auzi irekirik, baina maputxeen lur berreskurapenaren borrokaren inguruan informatzen duen irratian kolaboratzeagatik bota nahi dutela salatu du irratiak.

Honen aurrean, Irunen batzar informatiboa egingo dute 18:00etan eta 19:00etan elkarretaratzea San Juan plazan.

Txileko Santiagon bertan ere, espainiar kontsulatuaren aurrean protesta egitera deitu dute.