Gotzon ARANBURU
BILBO

Bilbo Hiria Irratia

Bilbo omen da euskaldun gehien dituen Euskal Herriko hiria. Horiek guztiek euskarazko hedabide bat edukitzea merezi zutela iritzi zion duela hogei urte Zenbat Gara euskaltzale elkarteak, eta Bilbo Hiria Irratia jarri zuen martxan. Izan ditu gorabeherak bi hamarkada hauetan, baina osasuntsu dago gaur egun, eta hor eusten dio ia erabat erdalduna den dialean. Proiektuak badituzte buruan bertako kazetariek eta arduradunek, baina hasteko eta behin emititzeko lizentzia behar dute: sinestezina badirudi ere, oraindik egoera alegalean dago Bilbo Hiria Irratia.

Ane Zabala, Bilbo Hiria Irratiko estudioan. (Gotzon ARANBURU)
Ane Zabala, Bilbo Hiria Irratiko estudioan. (Gotzon ARANBURU)

Bilbo Hiri Irratiaren (BHI) sorreran Kafe Antzokia dago, Zenbat Gara elkarteak 1995ean martxan jarri zuen egitasmoa, hiriko euskaldunentzat topaleku izateko asmoarekin, euskara erabiltzeko esparru. Hori berehala lortu zuen, eta egun ere funtzio ludiko-kultural hori ederki asko betetzen du Kafe Antzokiak. Baina topaleku fisikoa da, jakina, hiriaren erdialdean dago, eta Bilbo handia da. Nola heldu hiriburuko eta inguruko euskaldun guztiengana? Hasiera batean telebista bat sortzea pentsatu zuten, ordurako euskalgintza mugimenduan bazebilen Xabier Monasteriok esan digunez, baina berehala konturatu ziren telebista bat muntatzeko bitarteko asko behar direla, diru aldetik eta langile aldetik. Irratiaren apustua egin zuten.

«Egitasmo hauetan sartuta genbiltzanok ez genekien ezer hedabideetaz. Irakaskuntza mundukoak ginen, eta eskerrak Mieltxo Monfort kazetaria gerturatu zitzaigun eta gauzak ondo egiten lagundu zigun. Hark erakutsi zigun zer zen mikrofono bat, nola hitz egin behar zen irratian… Apurka apurka programazioa betetzen joan ginen. Garai politak eta zailak ziren, era berean» dio Xabierrek. Duela urtebete hil zen Monfort eta hutsune handia utzi zuen BHI-ren familian.



Mieltxoren tokia Ane Zabala kazetariak betetzen du egun. Oso ondo ezagutzen du Bilbo eta oso ondo ezagutzen du ofizioa. Berak azaldu digu, irratiko estudio nagusian, nolakoa den egunean zehar BHIk eskaintzen duen programazioa. Astelehenetik ostiralera, goizero bi ordu ekoizten ditu zuzenean irratiak, bederatzietatik hamaiketara. Aurreneko ordua ‘Hizpidea’ saioak hartzen du eta Gasteizko Hala Bedi irratiarekin batera egiten dute, Ane Bilbotik berbetan eta Igor Goikolea Gasteiztik, biak ere aktualitatearen errepasoa eginez. Bigarren ordukoa ‘Ibaizabal’ magazina da, zuzenean Bilbori begira egina; hogei urte ditu programak, hau da, irratia martxan jarri zenetik antenan dago.

«Programazioaren ardatza dela esan dezakegu ‘Ibaizabal’ magazina eta bertan udal politika, auzoetako problematika… lantzen ditugu, protagonistei ahotsa emanda» diosku Anek.

Arratsaldeko programazioari ‘Tamaina txikian’ izeneko tartearekin ekiten diote, non saio txikiak, pilulak, eskaintzen dizkieten entzuleei, gai anitz hizpide hartuta: ekologia, poesia, Bilboko kaleen historia… Lauretatik seietara ‘Zebrabidea’ren ordua da, Arrosa sareko irratiek elkarlanean egiten duten programa, eta zortzietatik hamarretara berriro BHIren saio propioak irteten dira antenara, kolaboratzaile sare zabal baten –50 lagun inguru– lanari esker.

Ilunabarreko orduotan entzun daitezke, esaterako ‘Potto’ bertsolaritza saioa, «kultur artefaktoa» deitzen dioten ‘Piperpolis’ saioa, teknologia berriez aritzen den ‘Sarean zehar’ atala, edo zinearen inguruko ‘Eremuz kanpo’ saioa.

Jakina, musikak paper garrantzitsua da Bilbo Hiria Irratian. Atal honetako kolaboratzaileen artean Txuma Murugarren, Rafa Rueda edo Isidro Elgezabal aipatu behar, bakoitza bere saioarekin. Ane Zabalarekin hitzegiten ari garen bitartean Pedro Elias Igartua ‘Soinugela’ programa egiten ari da, CDz inguratuta, apuntez betetako koadernoa eskuetan. Abestiak aurkezten ditu eta tarteka beiraren beste aldean soinu mahaian ari den Ibon Burgoa teknikariarekin hitz egiten du, talde honi edo abeslari hari buruz. Biek ere musikaz asko dakitela begibistakoa da. Zer esanik ez Josu Zabalak, Hertzainak taldeko kide izandakoak, hau ere BHIko teknikaria.

Kafe Antzokia hartzen duen eraikinaren azken solairuan dago Bilbo Hiria Irratia. Erredakzioko leihoetatik Areatza, udaletxea, Etxebarria parkea eta teilatu asko ikusten dira. Esan daiteke eraikin hau hiriburuko euskalgintzaren bihotza dela, goitik behera euskararen erabilerari eta irakaskuntzari eskainita baitago. Kafe Antzokia bera, Gabriel Aresti euskaltegia, BHI… denak aterpe berak hartzen ditu.

«Duintasuna»

Hogei urteotan irratiak egindako ibilbideaz harro dago Xabier Monasterio. ‘Duintasuna’ aipatzen du eta hitza bete izana, hasiera hasieratik esan zutelako helburua euskarari eta euskal kulturari Bilboko dial ia erabateko erdaldunean toki bat hartzea zela, eta erronka horri eutsi diotelako, nahiz eta diruz justu ibili eta ofizialtasunik ez izan. BHI kaletik gertu dagoen irratia dela azpimarratzen du, eta horren lekuko direla 2017 honetan Bilboko auzoetatik zuzenean egiten ari diren saioak. Dagoeneko Otxarkoagatik emititu dute bi orduko programa eta ondoren Abandotik, Masustegitik, Bilbo Zaharretik, Zornotzatik, Abusutik… egingo dute, horietako bakoitzaren erradiografia eskainiz uhinen bidez.

Anek bere aurretik irratian lan egin duten guztien meritua dela dio hainbeste kolaboratzaile izatea. Horietako batzuek hogei urte daramatzate parte hartzen, alegia, lehenengo egunetik ari dira BHIri ekarpena egiten. Anek ere beste mordo bat «fitxatu» du. Saretze lan horri, elkarri laguntze horri, ezinbestekoa deritzo irratiari bizirik eusteko. Hori bai, kazetaria izanik, BHIk zuzeneko ordu gehiago emititu ahal izatea nahiko luke, kaleari kaletik bertatik hartu ahal izatea pultsua.

Lizentzia

Aipatu dugu gorako lizentziaren arazoa. Xabier Monasteriok ondo ezagutzen du gaia eta honela azaldu digu: «Patxi Lopezen garaian lizentziak emateko deialdi bat egin zuen Jaurlaritzak. Gu aurkeztu ginen, jakina, eman behar ziren pausu guztiak emanda eta datu guztiak aportatuta, baina ez ziguten eman lizentziarik. Aho bete hortz geratu ginen. Hogei urtez lanean, duin asko euskararen alde Bilbon, eta alferrik, lizentziarik ez. Espero dugu berriro deialdirik egiten bada injustizia hau ez dela errepikatuko eta behingoz alegalak izateari utziko diogula, ez daukagu eta horretarako batere bokaziorik».



Etengabekoa da joan-etorria irratian. Pedro Elias Igartuak bukatu du gaurko saioa eta badoa, baina Juan Karlos Etxegoien ‘Xamar’ dator orain. Aspaldikoa da ‘Xamar’ irrati honetan, eta idatzi dituen liburuak jorratu izan dira uhinetan. Gaur ere liburuak besapean hartuta dator, Monasteriorekin bilera egitera.

Euskara maite eta defendatu bai, euskal kultura hedatu bai, baina bestelako helbururik ere badauka BHIk, adibidez Bilbora munduko beste herrialde batzuetatik etorritako jendeari tokia eskaintzea uhinetan, horien ekarpen interesgarriak aireratzea. Dagoeneko galizierazko eta katalanezko magazineak baditu irratiak, eta bide hori jorratzen segi nahiko luke.

Igorlea, kanala, hartzailea

Kazetaritza fakultatean irakatsi zigutenez, hedabide bat hiru elementuz osatzen da: igorlea, kanala eta hartzailea. Igorleak (BHIko kazetariak eta kolaboratzaileak kasu honetan) mezu bat bidaltzen dio kanal baten bidez (irratiko uhinak) hartzaileari (Bilbo aldeko euskaldunak). Jasotzen al du hartzaileak mezua? Garbi esanda, entzuten al da Bilbo Hiria Irratia? Bai, eta sare sozialak dira horren lekuko. Irratian esandako gauza asko berehala komentatzen dira sare sozialetan, txalotzeko edo kritikatzeko. Telefonozko deiak ere ugari jasotzen dituzte. Eta elkarte eta talde askok eskatzen diote BHIri kasu egiteko, auzoan hau edo bestea gertatu dela edo ekimenen bat martxan jarri dutela eta oihartzuna izan dezan. Jakina, dirurik ez du BHIk entzuleria ikerketak ordaintzeko, baina iristen zaio bai entzuleen feedbacka. Gainera, 2006tik interneten dago BHI, Jabi Zabala lankideari esker emandako pausua, eta webgunean izandako hazkundea ere neurtzen erraza da.

Esan dugu Bilboko diala oso erdalduna dela, baina euskarak ere bere espazioa badauka. Ahalegin horretan hogeigarren urteurrenera iritsi da Bilbo Hiria Irratia, Euskal Herriko hiri handienaren uhinetan.