Amalur Artola

Kalitatezko edukiak sortzea eta harremanak sendotzea ditu xede euskarazko Wikipediak

Euskararen normalizazioaren bidean sareko entziklopedia handienean egotea ezinbestekoa dela sinetsita, Wikipediaren euskarazko bertsioa edukiz hornitzen hasi ziren 2003an eta, iaz, Euskal Wikilarien elkartea sortu zuten, Aurten, kalitatezko edukiak sortzea eta harremanak sendotzea dituzte xede.

Euskarazko Wikipediaren balorazioa egin dute Donostian. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)
Euskarazko Wikipediaren balorazioa egin dute Donostian. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

Ingeles hutsezko bertsioa sortu eta bi urtera, 2003an, ikusi zuen argia euskarazko Wikipediak. Urte hartan, euskararen normalizaziorako bidean zutoin izan zitekeela sinetsi zuen hainbat euskalzalek eta urte hauetan guztietan beste hainbat batu dira proiektura, bizi dugun garai digitalean hizkuntza batentzat interneten egotea ezinbestekoa dela baieztatzeaz batera, ezagutza unibertsala hizkuntza zehatz batean transmititu ahal izateko Wikipedian egotea berebizikoa dela frogatu baita.

Hala, egun euskarazko bertsioak 278.000 artikulu baino gehiago ditu eta, artikulu kopuruari dagokionean, 31. postuan dago, Kike Amonarrizek baieztatu duenez. Soziolinguistikan aditu, wikilari eta euskarari lotutako hainbat telebista saiotako aurkezle izan denaren hitzetan, munduan dauden 7000 hizkuntzetatik 300 inguruk baino ez dute Wikipediako bertsiorik, «eta horrek esan nahi du milioika hiztun eta estatu hizkuntzak diren beste batzuen aurretik dagoela euskarazko Wikipedia: bulgariera, daniera, greziera...». Amonarrizen ustez, egun Wikipedian egotea «hizkuntza baten normalizaziorako ezinbesteko baldintza» bilakatu da eta, zentzu horretan, gizarteak «euskarazkoa elikatzeko lanetan ari direnen lanaz kontziente izan behar du; egungo entziklopedia Wikipedia da eta horra jotzen dugu ikasle, irakasle, profesional... etabarrek. Beraz, zenbat eta osatuagoa, orduan eta aukera gehiago euskaraz kontsultatzeko. Euskararen normalizaziorako lanabesa da Wikipedia».

Aurtengo helburuei begira, kalitatezko edukiak sortzen jarraitzea eta kanpo harremanak sendotzea izango dituzte helburu. Xabier Cañas EWKEko idazkariak azaldu duenez, «Wikipedia batez ere proiektu hezitzailea da; iaz hasi ginen unibertsitatearekin lanean, helburua zen ikasleek beren lana Wikipedian egitea, lan hori kaxoi batean geratu beharrean ekarpen hori nonbait gera zedin». Iaz 55 artikulu sortu ziren bide horretatik, eta aurten, parte hartzaile kopuruak gora egin duela-eta 70 artikulu berri lantzea esperi dute.

Euskarazko bertsioak medikuntzaren gaineko artikulu gutxi duenez, Medikuntza fakultatearekin elkarlana abiatu eta anatomia, gaixotasun eta sendagaien gaineko artikuluak ari dira osatzen. EHUko Irakasle Eskolako ikasleek, beren aldetik, haur eta gazte literaturako pertsonaien inguruko artikuluak egingo dituzte eta, horrez gainera, hamabost liburuzain Wikipedian trebatzen ari direla gaineratu zuten, liburuen gaineko artikuluak osatu ahal izateko.