Maider IANTZI

Etorkizuneko lehendabiziko egunaren emozioak

Euskal Herriko lurralde orotatik –baita nazioartetik ere– etorri da era guztietako eta pentsaera guztietako jendea, ETAren armagabetzeari babesa ematera. Harold Good-ek botila batean sartu nahi izan du Baionako espiritua, Irlandara eramateko. Gu ere horretan saiatu gara. Hona emaitza.

Baiona, apirilak 8. (Iñigo URIZ | ARGAZKI PRESS)
Baiona, apirilak 8. (Iñigo URIZ | ARGAZKI PRESS)

Berezia eta handia, hala sentitu dute armagabetzearen eguna barrenetik Baionan elkartu direnek. Kaleetan sartu orduko familia eta lagunez osatutako itsaso batean ibili gara kulunkan. Jendetza bildu da. Belaunaldi guztietakoa. Gazte pila bat. Hamaika jatorri eta ideiatakoa. Giroak aunitz du bestatik –horretan laguntzen dute Aste Santuko oporren ataria izateak, eguraldi onak eta aspaldiko lagunekin topo egiteak ematen duen pozak–. Baina hori baino aunitzez gehiago da. Elkarrizketatuek erran digute oraindik gertatu dena barneratzeko denbora behar dutela. Baina historiaren orrialde inportante baten idazketan parte izatearen kontzientzia ere badute. Horretara etorri dira, hain zuzen.

Ane, Miren eta Oihanek 30 urte dituzte eta donostiarrak dira. «Gaur ez gara kontziente zer gertatzen ari den, baina urte batzuk pasatzen direnean egun honetaz hitz egingo da eta esango dugu: ‘Han egon ginen artisauek babesa eskatu zutenean’. Mundu osoko zenbat hedabide dauden hona begira, eta gu bertan gaude».

Mugarria da eurentzat. «Gurasoek beren bizipenak kontatu dizkiguten bezala, gu hemen gaude. Imajinatu zer izango litzatekeen Baiona hutsik. Babesa ematea eskura dugun gauza bat da, eta polita da jendetza ikustea, adin guztietakoa. Ume asko, ez direnak konturatzen oraindik, txikitan gu joaten ginen bezala». Etorkizuneko lehendabiziko eguna da kuadrilla honentzat. «Gizarte zibilak hartu du lekukoa. Mugitu den pieza bakarra da, momentuz. Jarri dituzten traba guztien gainetik, herriak erantzun du. Ea denon artean mugitzen ditugun piezak».

Lagun talde honetatik hurbil, Paul Bert plazara ematen duen terraza batean, itzaletan leku estrategikoa hartu dute Gorka eta Iratxek. Bikotea dira. Errigoitikoa da bat, Gernikakoa bertzea. «Euskal Herriko azken 50 urteetako iraultzarik handienetakoa da. Pauso garrantzitsua. Historia idatziko da eta espero dugu horren parte izatea», diote hauek ere. ETA erakunde armatuaren bukaera eginda dagoela deritzote. «Amaieraren eszenifikazio bat egiteko modu bat da hau. Antropologian esaten den bezala, pasatzeko erritu bat da, proiektu politikoa gorpuztera pasatuko da. Duela sei urte utzi zituen ETAk armak, baina gaurkoa horren erakustaldi publikoa da, bai guretzat eta bai kanpora begira».

Estatu espainolak bere politikekin jarraituz «erridikulua» egiten duela uste dute. «Hau da modu bat esateko jada bukatu dela borroka armatua eta bereak ez duela zentzurik». Estatu frantsesa «askoz pragmatikoagoa» ikusten dute. Gorkak eta Iratxek jakin nahiko lukete kartzeletan daudenek nola bizi duten hau. Eurentzat egun garrantzitsua izanen dela pentsatzen dute, jasaten ari diren egoera injustua aldatzeko bultzada delako.

Presoak etxeratzeko aldarria

Egindako elkarrizketetan bezala, ekitaldian ere presoak etxeratzeko aldarrikapenek indar handia hartu dute. Biktimen oroimenak ere bai, guztienak. Oraina ere mingarria dela azpimarratu dute, kartzeletan sakabanatutako presoak eta senideak sufritzen ari direna gogoratuz. Denak bat datoz legeak betez eta eri diren eta kondenak beteta dituzten lagunak libre utziz denok irabaziko genukeela erratean.

Bertze itzal batean, bazkaltzeko tenorean harrapatu ditugu Ezpeletako hiru ahizpa, Luxi, Benedicte eta Anna, beren umeekin. «Gauza inportantea da gaurkoa. Bakean bizi nahi dugu. Gure haurrei erakutsi nahi diegu posible dela elkarrekin eta bakean bizitzea». Haur koskorrenari jada esplikatu diote zertarako etorri diren Baionara, «Euskal Herrian, gure herrian, lasai eta bakean bizitzeko. Zortzi urte ditu eta konprenitzen du pixka bat». Besta ere bada, «elkarrekin gaudelako, familian. Jende aunitz dago eta kontent, gainera».

Marijo bilbotarra da eta Patxi donostiarra. Donostian bizi dira biak. Patxik sentimendu kontrajarriak dituela aitortu digu: «Alde batetik, poza eta itxaropena, ea gure seme-alabek ez duten jasaten guk jasandakoa. Bestetik, ziurgabetasuna, gure aldetik pauso guztiak eman ditugun arren, beste aldekoek ez dutelako bat ere eman. Bikotearengan, Marijorengan, itxaropena gailentzen da. «Aspaldidanik nahi nuen gauza bat heldu da».

Ekitaldia hasi denean, adi-adi egon dira bakearen artisau bilakatutako milaka eta milaka herritarrak, bi ordu eguzkitan tinko zutik aunitz eta aunitz. Tarteka haize freskoak astintzen du giroa eta sumatzen den haize aldaketaren irudia begitandu zaigu. Argazkiak erakutsi dituztenean –zulo, arma eta begiraleenak– jendeak txaloz erantzun du, barrenean emozioz beteta. Bakegileen pegatina soinean ekitaldia segitzen ari diren lagun batzuei doinu berezia sumatu eta nongoak diren galdetu diegu. «Malagakoa, baina Irunen bizi naiz –erantzun du Franciscak–. Duela 30 urte etorri ginen eta nire umeak hemen bizi dira». Erdi andaluziarra erdi euskalduna sentitzen al den galdetuta, «yo soy entera de allí» bota du. «Eta zer egiten duzu hemen?». «Uste dut gaur hagitz egun garrantzitsua dela Euskadiren historiarako. Politika interesatzen zait, giza eskubideak, askatasuna eta herrien erabakitzeko eskubidea».

Avilako Juliarekin eta Irungo Txemarekin etorri da. «Gauza handia da. Aunitz esperotakoa», diote hauek. Momentuz, presoak hurbiltzea da espero dutena eta etxera ekartzea gero. «A, eta lotsagarri uzten du Gobernu espainola hau Baionan gertatu izanak. Eta hau jarri hizki larriz», eskatu digute.

Lourdes eta Anton Arrasateko aitatxi-amatxiek hagitz hunkituta bizi izan dute eguna. «Erbestea eta kartzela pasatu ditugu. Orain biloba bat dugu eta ez genuke nahi halakorik pasatzea. Inork. Denok sufritu dugu». Ildo beretik mintzatu dira Eukene, Lourdes, Rosi eta Agurtzane donostiarrak. Tristura eta oroitzapenak etorri zaizkie: «Kartzela, erbestea, heriotza, gure bizi historiak». Eurentzat babesa emateko eguna da. «Hemen ez da Euskal Herriaren independentzia nahia bukatzen». Belaunaldi berriek borrokan segituko duten konfiantza osoa dute. «Era batera edo bestera, mendeetan moldatu da Euskal Herria eta orain ere moldatuko da. Ezingo dute deuseztatu. Aldatu, bai, jakina, aldatuko da, gure kultura aldatu den bezala. Gazteek ideologia propioa dute, beste bizipen batzuk. Beraiek egin behar dute beraien bidea», azaldu dute.