NAIZ
MADRIL

Kukai taldearen ‘Oskara’ ikuskizunak zazpi izendapen lortu ditu Max sarietarako

Kukai dantza taldearen ‘Oskara’ ikuskizunak zazpi hautagaitza lortu ditu 2017ko Max sarietarako. Marie de Jongh konpainiaren ‘Amour’ ere izendatu dute, baita Jokin Oregi konpainia horretako zuzendaria ere. Alfredo Sanzol antzerkigile nafarra eta Garbiñe Insausti hernaniarra dira beste bi euskal hautagaiak.

Kukairen ‘Oskara’ ikuskizuna. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Kukairen ‘Oskara’ ikuskizuna. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

SGAE fundazioak antzerkigintza eta dantza alorreko lanak saritzeko eskaintzen dituen Max sarietarako hautagaiak jakinarazi ditu gaur. Hautagaitza gehien jaso dituen eta beraz faborito nagusi den ikuskizuna Kukai dantza taldearen ‘Oskara’ da; zazpi kategoriatarako izendatu dute: dantza ikuskizun onena, arte eszenikoen produkzio pribatua, espazio eszenikoa (Marcos Morau), jantziak (Iraia Oiartzabal), argiztapena (David Bernues), dantzaria (Martxel Rodriguez) eta dantzarien-zerrenda.

Haurrentzako antzerki ikuskizun onenaren atalean beste euskal konpaina baten lana hautatu dute: ‘Amour’, Marie de Jongh taldearena. Eta konpainia horretako zuzendaria, Jokin Oregi, antzerki zuzendari onenaren atalean lehiatuko da.

Insausti eta Sanzol ere hautagai

Aktore protagonisten kategorian, Garbiñe Insausti hernaniarra izendatu dute ‘Edith Piaf (Taxidermia de un gorrion) ikuskizunean egin duen lanagatik.

Alfredo Sanzol nafarra, berriz, antzerkigile onenen sarirako lehiatuko da, ‘La respiracion’ lanagatik.

Max sarien irabazleak datorren ekainaren 5ean jakinaraziko dituzte, Valentziako Palau de les Arts antzokian egingo den jaialdian.