NAIZ
GASTEIZ

Errekaleorren argindarra kendu du Iberdrolak eta Ertzaintzak hiru lagun atxilotu ditu

Lakuako Industria Sailak aginduta, Iberdrolako langileak Errekaleor auzoan argindarra kentzera joan dira, Ertzaintzaren babespean. Bizilagunek osatu duten harresia desegin du Ertzaintzak eta ondoren ere kargak egon dira. Hiru lagun atxilotu dituzte eta hainbat zauritu.

Hainbat gazte kateatu egin dira, argindarra moztu zezatela ekiditeko. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Hainbat gazte kateatu egin dira, argindarra moztu zezatela ekiditeko. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Atxilotuak karguekin aske utzi dituzte gauean ETBk jakitera eman zuenez.

Sare sozialen bitartez egin du ohartarazpen deia Errekaleor Bizirik plataformak gaur goizean. Ertzaintzaren unitate ugari auzo askera gerturatu direla-eta, hura babestera joateko deia egin diete herritarrei.

Lakuako Industria Sailak eman du argindarra mozteko agindua eta, ertzainekin batera agertu dira Iberdrolako langileak.

Argindarraren koadroa babesteko harresi bat osatu dute bizilagunek, Ertzaintzak indarrez desegin duena. Hala ere, hamar bat pertsona kateatu egin dira eta, mozteko zailtasunak ikusita, mozketa eraikinez eraikin egitea erabaki dute.

Ertzaintzak babestuta, Iberdrolako langileak kableak kentzen hasi dira auzoaren goiko partetik.

Tentsio une ugari izan dira eta auzokide ugari zauritu dituzte ertzainek, bertatik salatu dutenez. Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu, horietako bi agintarien aurkako atentatua leporatuta, eta hirugarrena «desobedientzia» eta «erresistentzia» egotzita. Identifikazioak ere izan dira. 

Hala Bediren arabera, suhiltzaileek uko egin diote kateatutako lagunak askatzeko auzora sartzeari. Pertsonen segurtasunerako arriskurik egon ezean ez zutela esku hartuko adierazi dute suhiltzaileek, aipatu iturriak berri eman duenez.

Iberdrolako teknikariek argindarra moztu ondoren alde egin dute baina ertzainak geratu egin dira eta argindarraren transformadorea babesteko kateatu direnak identifikatu egin dituzte. Azkenean, poliziak ere joan egin dira.

Kazetariei sarrera eragotzi

Gertatzen ari zenaren berri ematera joan diren kazetariei auzora sartzea galarazi diete ertzainek, nahiz eta gero hurbildu ahal izan duten. Beste herritar askok ere Poliziak jarritako hesia saihestu eta auzora sartu dira, bertan zeudenei babesa ematera.

EH Bilduko zinegotzi eta legebiltzarkideak ere bertaratu dira, baina beraiei ere ez diete sartzen utzi.  

Iberdrolako iturriek Europa Press agentziari adierazi diotenez, argindar kableak «legez kanpo» zeuden engantxatuta Errekaleorren eta ez zituzten «segurtasun baldintzak» betetzen.

Manifestazioa 19.00etan

Errekaleor Bizirik-ek manifestazioa deitu du 19.00etan, Andra Mari Zuriaren plazatik.

Urtaranen agerraldia eskatu dute

EH Bildu, Podemos eta Irabazik Gorka Urtaran Gasteizko alkatearen agerraldia eskatu dute, «isilpeko desalojo» honen inguruan azalpenak eman ditzan.