@belastegi
Donostia

Sara Majarenasek eta bere alaba Izarrek Madrilen bizi duten egoera gogorra salatu dute bere lagunek

Mezu laburren bidez, Sara Majarrenasek eta bere alaba Izarrek Madrileko zentroan bizi duten egoera gogorraren berri eman dute Izarrekin Sara etxera plataformako kideek. Haurra Madrilgo eskola batean hasi da, oso gogorra egiten baitzitzaion bizi diren zentrotik ez ateratzea.

 Sara etxera plataformako kideen agerraldia, Donostian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Sara etxera plataformako kideen agerraldia, Donostian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Izarrekin Sara etxera plataformako kideek agerraldia egin dute gaur goizean Donostiako Kafe Antzokian Sara Majarenas euskal presoak Madrileko zentrotik bidalitako mezuen berri emateko. Horiek irakurriz, presoak beraren eta bere alaba Izarren egoera islatu nahi izan dute.

«Izar Madrileko eskola batean hasi da. Oso gogorra egiten zitzaion etxetik atera gabe egotea», «eskolan, herrian, nor naizen zabaltzeko beldur naiz (...) Honek ezinezkoa egiten du gure integrazioa», «nire haurrak zein nik lagunak behar ditugu, eta horiek Donostian ditugu», «hiru urteko ume bat gauza askotaz ohartzen da. Badaki isolatuta gaudela eta askatasunik ez dugula», «sikologoak dioenez nirekiko autonomia landu behar du, gertatutakoaren ondorioz menpekotasuna garatu baitu», «ni behar nau, baina baita bere familia zabala ere. Donostian bageunde harreman horiek egunero emango lirateke», «genero indarkeriaren biktima naizela onartu didate, baina ez dut jaso erreparaziorako laguntzarik», «nire zauria zabalik darrai. Haurra izan da nire lehentasuna orain arte (...) ez dut negar egiteko denborarik izan», «zentro honetan dagoen lehen euskal presoa naiz. Pauso bakoitza emateko tramite asko egin behar ditut eta dena atzeratzen da».

Horiek dira presoak senideei igorritako mezuetako batzuk. Hauek gogoratu dutenez, bere garaian Izarrek amarekin egoteko eskubidea duela aldarrikatu zuten eta lortu zuten eskubide hori betetzea, baina txikiaren askatasunaren truke.

Egoera ikusirik, Sara eta Izar Donostian egotea premiazkoa dela nabarmendu dute. Izar bezalako 113 ume daude, eta bizi dutenaren berri emateko ‘Motxilaren umea’ filma egin dute. Maiatzaren 25ean Intxaurrondoko Kultur Etxean, 18.00etan, estreinatuko dute.