Gotzon ARANBURU
ETXARRI ARANATZ

Enneco parkea

Bero egiten du Sakanan, baina baso ederrak nonahi daude bailara honetan eta horri esker itzala aurkitzea ez da zaila, esate baterako Etxarri Aranazko hariztietan. Horietako batek, bere baitan Enneco Parkea hartzen duenak, gerizpe apartaz gain, natura eta euskal historia bertatik bertara ezagutzeko aukera paregabea ere eskaintzen du.

Enneco parkea, Etxarri Aranazko hariztietan. (Gotzon ARANBURU)
Enneco parkea, Etxarri Aranazko hariztietan. (Gotzon ARANBURU)

Mugimendua sumatzen da Enneco parkean. Europatik eta Ameriketatik etorritako gazte boluntarioak eremua txukuntzen ari dira, bihar, hilak 8, bisitarientzako ireki egingo da eta Enneco, bere garapeneko aurreneko fase honetan. Jakina, oraindik bidea hasi baino ez du egin parkeak, eta etorkizun hurbilean izango denaren zirriborroa baino ez da, baina dagoeneko zer ikusi –eta entzun– eta zer ikasi asko dago harizti honetan. Enneco Haritzaren Memoria egitasmoa poliki baina etenik gabe ari da bidea egiten. 

Urtebete igaro da lehen harria jartze ekitaldia ospatu zenetik, eta geroztik gogotsu ibili dira auzolanean egitasmoaren sustatzaileak, hau da, Nafarroa Bizirik Fundazioa, eta laguntzera etorri nahi izan duten guztiak. Orain arte Enneco basoan egin diren lanak honako hauek izan dira: basoaren garbiketa, barrutiaren ixtea eta bidexka zimendatzea, biltegia eraikitzea, ongi etorri murala jartzea, jolas guneko estalpea eraikitzen hastea, panel informatiboak jartzea eta ibilbide naturalistikoa osatzea.

Fundazioko komunikazio arduraduna den Amaia Zabalak azaldu digunez, lortzen duten finantziazioaren arabera ari dira pixkanaka proiektuan zati ezberdinak gehitzen eta osatzen, guztia Iñaki Erdocia arkitekto etxarriarraren ikuskapenean. Eraikitze fasean hasi besterik ez dira egin, oraindik eraikin guztiak falta baitira; harrera eraikina, eraikin nagusia, mitologiaren eta ohituren eraikina, euskararena, emakumeena, kastro baskoia eta Erdi Aroko dorrea.

Bi aukera

Gaurtik aurrera bisitariak bi aukera topatuko ditu parkean, bata ibilbide naturalistikoa eta bestea ibilbide historikoa. Lehenengo osatzeko, Oier Huizi biologo etxarriarrak Enneco basoan bizi diren landare espezie ezberdinak ikertu ditu eta bakoitzaren izena eta duen funtzioa azalduz paneltxo batzuk ezarri dira, ibilbide naturalistikoa osatuz. Beste batzuen artean, hagina, elorri zuria, gorostia, lizar arrunta eta haritz mota ezberdinak ikusi ahal izango dira bertatik bertara. Horietako bat azpimarratzekotan, haritzak aipatu behar, izugarri handiak eta ederrak baitira Etxarriko txoko honetakoak, Euskal Herrian inon gutxi topatuko ditugun modukoak.

Bigarren elementua aurrerago eraikiko diren eraikin eta txokoei erreferentzia bat izango da. Esaterako, mitologiaren eraikina joango den tokian honen erreferentzia panela aurkituko dugu eta bertan euskal pertsonaia mitologikoen inguruko aipamen bat. Burdin Aroko herrixka eraikiko den gunean, berriz, honi erreferentzia egiten dion panel bat aurkituko dugu mota honetako herrixken inguruko ezaugarriekin. Erdi Aroko dorrea eraikiko den gunean dorre hauen inguruko informazioa eta 1516an Gaztelako Cisneros kardinalak guztiak suntsitzeko eman zuen agindua aurkituko dugu. Eta horrela hamar panelekin ibilbide guztia osatu arte, guztiak Martin Alzueta marrazkilariak ilustratuta. Horretaz gain, parkean zehar proiektuaren sorrera, filosofia eta helburua azaltzen duten hainbat panel aurkituko ditugu.

Aipatzekoa da, Amaia Zabalak dioskun moduan, eraikin horiek –Erdi Aroko dorrea adibidez– zutitzeko tresnak eta teknikak bere garaian erabilitako berberak izatea aurreikusten dutela sustatzaileek.

Nestor Basterretxearen gunea eta gazte boluntarioak

Beste elementu berri bat Nestor Basterretxearen gunea da. Hemen, artistak bere nafartasun sentimenduaren inguruan esandako hitzak topatuko ditugu. Baita berak finantziazioarekin laguntzeko sortu zuen ‘Enneco’ eskulturaren erreplika bat ere, metro bateko altuerakoa. Aurrerago bost metro altuerako eskultura jarri nahi da. Eskultura honen oinarria prestatzea da gazte boluntarioak egunotan egiten ari diren lanetako bat.

Aurten 17 gazte etorri dira (iaz hamabi izan ziren) Etxarri Aranatzera, zazpi herrialdetatik: Errusia, Frantzia, Alemania, Italia, Serbia, Estonia, Ukraina eta Mexiko. Hamabost eguneko kanpamentua izango da, uztailaren 3tik 17ra eta iaz bezala Udalak ikastola zaharraren eraikina utzi die egonaldirako.

Gazte hauen bizkar geratuko da harrera etxolaren teilatua egitea eta pintatzea, Basterretxearen eskultura kolokatzeko gunea egokitzea eta ezartzea, basoko txotx eta harriak biltzea eta ibilbideko bidea garbitzea.

Irina Karabanova errusiarra eta Karen Paloma Medina mexikarra dira gazte horietako bi, eta biak ala biak gure kultura ezagutzeko irrikaz eta basoei dieten maitasunak erakarrita etorri dira Etxarri Aranatzera. Inguruko herriak eta sanferminak ezagutzeko aukera ere ez dute alferrik galduko. Ezta metro gutxira daukaten igerilekuan bainatzekoa ere. Ingelesa da hemen lingua franca, baina Medina mexikarraren ahotik ikasi dugu han «alberca» esaten diotela igerilekuari.

Nesketako batek traktorea erabiltzen du, eta harriz eta belarrez karga-karga eginda darama parkean barrena. Bitartean, moxal txiki mordo bat harizpean larrean dabil, pakeoso asko. Dudarik ez, hauek izango dira bisitan datozen umeen begirada eta laztan gehien jasoko dituztenak. Harrera etxola liburuz, kamisetaz, mapaz eta bestelako salgaiez betetzen ari dira beste lagun batzuk, bihartik aurrera dena bisitarien esku egon dadin.

Interes sozialeko proiektu

Azken urte honetan proiektuaren dinamizazioan eta finantziazioan egin du lan gehien Nafarroa Bizirik Fundazioak. Horretarako hainbat herri eta auzo lokaletan egitasmoa aurkezten izan dira eta horri esker ia 200 Enneco lagun izatera iritsi dira. Horretaz gain, 24 udalen eta hainbat kolektiboren babes ekonomiko eta politikoa ere jaso dute. Enneco ekimen sozialeko proiektu bat da, beraz boluntarioen, partikularren eta enpresen, eta organizazio eta instituzioen babesa eta laguntza ezinbestekoak ditu. Edonor egin daiteke Enneco lagun www.enneco.eus webgunean bere datuak emanez. Gainera MECNA zigilua du elkarteak, hau da, Nafarroako Gobernuak interes sozialeko proiektu izendatu du, beraz, Nafarroa Garaikoei egindako ekarpenaren %80 itzuliko zaie errenta aitorpenean.

Enneco basoa behin guztiz osatzean memoria gune bat izango da, Nafarroako Erreinuaren historia, gure herriaren historia hain zuzen ere, gure ahots propioarekin kontatuko duen interpretazio zentro bat Aralar eta Urbasa mendilerroen artean.