NAIZ
BILBO

Alderdi izateari utziko dio Aralarrek abenduan egingo duen kongresuan

Aralarreko presidente Patxi Zabaletak abenduan egingo duen kongresua alderdia izateari utziko diola iragarri dio. Aralarreko militanteak EH Bildura pasako lirateke.

Patxi Zabaleta eta Rebeka Ubera Aralarreko agintariak. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Patxi Zabaleta eta Rebeka Ubera Aralarreko agintariak. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean Patxi Zabaletak Aralarreko zuzendaritzak alderdia desegiteko proposamena aho batez hartu duela nabarmendu du. Abenduan egingo duten kongresuan Aralarreko militanteek bozkatu beharko duten ponentzia politikoan jasotzen da proposamen hau.

Zabaletak azaldu duenez, azken urteotan «ezker abertzaleak giza eskubideak defendatu dezan» helburu lortuta eta gero desagertuko da Aralar alderdi bezala. Honekin batera, «barne demokrazian hobetzea eta korronteak onartzea» lorturiko helburutzat eman ditu ere Zabaletak.

2000an joan zen Patxi Zabaleta ezker abertzaletik, Batasuna prozesua ematen ari zenean. Hainbat kiderekin Aralar alderdia sortu zuen. Ilegalizazioaren zikloan eman zen zatiketa hau.

Ordutik koalizio desberdinetan parte hartu izan du Aralar. Nafarroa Bai koalizioaren parte izan zen Nafarroan eta EAEn Ezker Batuarekin elkartu ziren.

2011an, berriz, armak uzteko ETAk hartu zuen erabakiaren ostean, EH Bildu koalizioara batu zen ezker abertzalea, EA eta Alternatibarekin batera. Ordurarte, azken hiru alderdi hauek Bildu osatzen zuten.

Aralarrek egin zuen azken kongresuan, 2014ko arazoan, Zabaletak lehen lerro politikotik alde egiten zuela iragarri zuen. Honekin batera, EH Bildu «siglen batuketaz haratago» joan behar zuela defendatu zuen «ezker soberanistaren fronte irekia» sortzeko helburuarekin.

Hemendik aurrera, Zabaletaren arabera, ezker abertzaleak euskal jendartea «erakartzeko» ahalegina egin behar du. Horretarako egitura politikoa erreformatu behar duela esan du.