@arianekamio
Andoain

‘Auhenaren sentimendua’, Gabriel Arestiren ahotsaz, audio berri batean

Orain arte entzun gabea zen audio berri baten aurkikuntza da albiste honi erantsita doakion pieza. Gabriel Arestiren ahotsa da ‘Auhenaren sentimendua’ poema errezitatzen duena. 1969an grabatua izan zen, Rikardo Arregi hil eta egun gutxira egin zen herri mezan, Andoainen, Tourseko San Martin elizan. Etxeko grabazio batean aurkitu du materaiala GARAk.

Gabriel Arestik (Bilbo, 1933-1975) harreman berezia izan zuen Rikardo Arregi (Andoain, 1942-1969) euskaltzale eta pentsalari andoaindarrarekin. Hain zuzen, idazle bilbotarrari auto bat eramatera zihoala, Ramon Saizarbitoriarekin batera, izan zuen istripu lazgarri batean galdu zuen bizia.

1969ko uztailaren 10a zen. 27 urte betetzear zituela hil zen Arregi. Ostiralean beteko dira 75 urte bere jaiotzatik eta GARA egunkariak gehigarri berezi bat kaleratuko du, material baliotsu ugari biltzea lortu duen kazetaritza lan batean. NAIZen ere izango du bere oihartzuna.

Material horren baitan aurkitzen da Gabriel Arestiren poema errezitatuta. Joseba Agirre Zugasti zenak Arregi hil eta egun batzuen buruan egin zen herri meza kasete batean grabatu zuen eta, ia berrogeita hamar urteren ondoren, bere etxean egin da aurkikuntza. Bertan zuen Agirre-Azpiazu sendiak gordea orain arte entzun gabea izan den audioa. Material horren baitan, Arestiz gain, egun aski ezagunak diren beste sortzaile batzuen parte hartzea ere nabarmentzekoa da eta datozen egunetan NAIZen eskuragarri jarriko da.

Arestik Arregi hil zenean sortu zuen espreski ‘Auhenaren sentimendua’ poema, eta Andoaingo Tourseko San Martin elizan errezitatu zuen lehenengoz. Ondorenean, ‘Harrizko herri hau’ alean publikatu zen.

Idazle bilbotarraren ahotsa Karmelo Landa ikertzaile eta EHUko irakasleak baieztatu du, Arestiren obraren gainean aditua, eta meza hartan egon ziren lekukoek ere berretsi dute poetaren parte hartzea.

Landaren arabera, audioa ineditoa da, orain arte entzun gabea, publikoki behintzat.

Orain arte ezagutzen diren Arestiren poema errezitatuen grabazioak Armiarma.eus webgunean daude entzungai.