Gotzon ARANBURU
LIZARRUSTI

Txondorra Aralarren

Misteriotsuagoa da basoa neguan. Elurrak, lainoek, arbolek hostoa galtzeak, artaldek eta artzainek alde egiteak, argi ordu gutxiago izateak…  horiek denek «hoztu» egiten dute basoa, bizitzak bertatik alde egin izan balu bezala, hurrengo udaberriaren zain. Aralarren ere hala gertatzen da, baina borda horren ondoan ikusten dugun mendixkari darion keak guztia ez dagoela lo erakusten digu. Eta norbait dago bordaren barruan…

Jose Ramon Agirre ‘Marron’, txondorrean lanean Lizarrustin. (Gotzon ARANBURU)
Jose Ramon Agirre ‘Marron’, txondorrean lanean Lizarrustin. (Gotzon ARANBURU)

Bai, norbait dabil, eta berarengana hurbildu garenean adeitasunez hartu gaitu. Jose Ramon Agirre ‘Marron’ da, mendizale ezaguna, eta Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko muga egiten duen Lizarrusti lepoan txondorra egiten ari da. ‘Bixkor’ zakur lasai eta begi bereziduna dauka ondoan. Eskura ditu aitzurra, pala, aizkora, saskia eta egur piloa ere. Txondor garairako egindako bordan, mahai bat eta bi banku. Gosaltzen ari da Jose Ramon, txapela buruan eta berokia goraino itxita, eskularru lodiak kenduta.

Mendizale, naturzale eta Lizarrustiko aterpetxearen arduradun izateaz gain, kontalari aparta ere bada ‘Marron’. Ataungo baserri batean jaioa da eta asko daki baserriko bizitzaz, bai bertatik bertara bizi izan duelako eta bai zaharragoei entzundakoak gogoan gorde dituelako. Aditutako kontu horien artean, txondorrarenak. Nola dozenaka ikazkin koadrila joaten ziren mendira egurra egitera eta ondoren txondorrak zutitzera, hiru asteren buruan ateratako ikatza lantegiei saltzeko. Nola janez urri ibiltzen ziren, eta arropaz eta aterpez ere bai. Bizimodu gogorra izango zen hura, inondik inora ere.

Ohiko lanbidea Euskal Herrian eta Europan

‘Tasio’ pelikulak eta Xabi Otero argazkilariaren ‘Anastasio Otxoa, ikazkina’ liburuak egin zituzten ezagun, duela urte batzuk, mendiko langile hauek. Euskal Herria osoan (eta Europan) ohiko lanbidea zen ikazkintza, bai garai bateko burdinolek eta bai ondorengo burdin lantegiek ere, ikatz mineralak tokia kendu zion arte. Esaterako, Azpeitia hamar fundizio izatera heldu zen, eta horiek elikatzen zituen egur-ikatza Hernio, Izarraitz eta Izazpi mendietan sortzen zuten. Antzekoa zen egoera Bizkaiko Ubidean, Zeanurin edo Orozkon. Ipar Euskal Herrian, Baionako fundizioak Bizkaiko mineralarekin eta Landetako pinu egurrarekin egindako ikatzarekin funtzionatzen zuten. 

Poliki poliki, egur-ikatzaren erabilera murrizten joan zen. Etxea berotzeko eta jakiak prestatzeko erabili izan da urtetan, eta ikazkinak desagertzen joan dira. Baina bada oraindik ofizioa ezagutzen duenik, eta tarteka-marteka txondorra pizten duenik. Jose Ramon dugu horietako bat. Duela lau urte egin zuen aurreneko txondorra Aralarren, gero Aiako Harrian piztu zuen eta orain berriro hemen ari da, Lizarrustin, Aralar Natur Parkeari lotutako ekimenean. Jakina, txondor hau egitekoan ez du dirua irabaztea izan buruan, baizik eta garai bateko lanbideak eta bizimoduak egungo euskaldunei hurbiltzea; ez museo bateko argazkien bitartez, baizik eta benetan duela hamarkada batzuk arte txondorrak eta ikatza egiten ziren baso berberean prozesu osoa erreproduzituz.

«Basoan barrena ibiltzea besterik ez daukazu –diosku Jose Ramonek– zenbat txondor-plaza dauden ikusteko. Lurra pixka bat urratu besterik ez dago azpian ikatza topatzeko. Oso ohikoa izan da baserrietako mutilak ikazkintzan aritzea, nola edo hala txanpon batzuk etxean sartuko baziren. Udaberritik aurrerako lana izaten zen, neguan oso gogorra litzatekeelako mendian bizitzea». Jose Ramonek abenduaren 3an piztu zuen txondorra, eta orduan ateratako argazkiek erakusten duen moduan elurrak inguru hau guztia estalita zeukan. Pentsa zer izango litzatekeen hori garai bateko oinetako eta arropa eskasekin.

Kontuan izan behar da txondorrak, piztuz geroztik, etengabeko arreta eskatzen duela. Hiru bat astez, hiruzpalau orduro begiratu egin behar zaio, ea egurra ondo deshidratatzen ari den, sua hartu gabe. Izan ere, txondorra azken batean deshidratazio-karbonizazio labe bat da: bertan pilatutako tonaka egurrari ur guztia kendu behar zaio, poliki poliki, pago edo haritz puska zen hura ikatz puska beltza bihurtu arte. Horretarako, aldamenetako zuloetatik haizea hartu behar du txondorrak, eta horietatik ateratzen dena ez da kea, baizik eta lurruna. Eskua zulora gerturatuz, busti egiten da, ateratzen ari dena lurruna denaren seinale. Baina txondor barruko su hori gehiegi indartzen bada, egurra erre egingo du, eta lan guztia alferrikakoa izango da. Ikatza lortu beharrean, errauts mordoa besterik ez du izango ikazkinak. Hori ekiditeko, etengabe zaindu behar da txondorrak, tximinia erregulatu, aldameneko zuloak ireki eta estali… badu bere teknika, bai.

Mendian egindako ikatza idien, mandoen edo zaldien bidez ateratzen zuten errepideetara. Gero trenetan kargatuko zuten Luzuriaga edo Orbegozo bezalako lantegietara iristeko. Basoko ustiaketa tentuz egin beharra zegoen, arbolak zainduz, urtero egurra eduki ahal izateko. Horregatik dira hain ugariak gure mendietan «pago motzak», alegia, hiruzpalau metroko garaieran enborra moztuta duten horiek, aldamenetako adarrak indartsuago hazi zitezen eta egurra ematen jarrai zezaten. Arbola bera urrea bezala zaintzen zuen gizakiak, fruitua –kasu honetan, egurra– kendu ahal izateko.

Hamabi mila kilo egur

Lizarrustiko txondorraren kasuan, hamabi mila kilo egur, denak pagoa, sartu ditu Jose Ramonek txondorrean, behar bezala txikitu ondoren. Enbor meheagoak, lodiagoak, zotzak… bakoitzak bere tokia izendatuta dauka egur piloan. Arbola ilbeheran botatzea komeni da, hiruzpalau hilabete lehenago. Ataungo Udalak emandako egurra erabili da Lizarrustin, inguruko herri-basoetatik ateratakoa. Teknikari dagokionez, eta asko laburtuta, lehenengo lana zorua prestatzea izaten da, laua jartzea. Hogeita hamar bat zentimetro karratuko tximinia osatzen da egurrekin, hiru bat metroko altuerakoa. Azpian parrila izango du, egurrak ez ukitzeko lurra eta aireak korritzeko tokia izan dezan. Bost bat metroko diametroa dauka txondorrak. Egur guztia bere tokian jarri ondoren, mendixka itxura hartuko du txondorrak, eta orbelarekin eta lurrarekin estaliko da. Ondoren piztu egiten da, aipatu tximinian brasak –ilintxak– sartuta. Aldamenetan zuloak egiten dira, arnasa har dezan, eta honela hasten da hogei bat eguneko prozesua.

Tona pare bat ikatz ateratzea espero du Jose Ramonek, eta oso kalitate onekoa izatea. Aurrekoan egin zuena Ataungo sagardotegi batek erosi zuen. «Ikazkin onak beste batek baino ikatz gehiago aterako du egur kopuru berdinetik. Guk, bada… ahal duguna egiten dugu» dio irribarretsu ‘Marron’ek. Jakina, ardura nagusia berea bada ere, baditu laguntzaileak hainbat zereginetarako, eta eskertuta dago. Hilaren 23an irekiko da txondorra –festa dezentea antolatuta dago egun horretan– eta orduan ikusiko da Jose Ramon ikazkinen elitera iritsi den edo oraindik bidean dagoen. Bitartean, ‘Marron’ek gau eta egun zaintzen du gertutik txondorra, egiten duen eguraldia egiten duela. 

Benetan inporta duena jendeak txondorra ikustea da, nola funtzionatzen duen, eta ikastea zer historia daukan ikazkintzak. Horiek guztiak azaltzeko prest dago Agirre. Dagoeneko hainbat talde izan ditu bisitan, eta gustura asko entzun dituzte ataundarraren azalpen aberatsak. Gipuzkoako Parketxe Sarea, Ataungo Barandiaran museoaren bidez, arduratzen da bisitak koordinatzeaz. Garai batean menditik behera egurra kable bidez nola ateratzen zuten ere erakusten du, horretarako bereziki prestatu dituen txirrika eta kable bidez. Belarra edo egurra garraiatzeko teknika hau erabiltzea aspaldikoa da mendiotan, bai Gipuzkoako aldean eta bai Nafarroako Gainza, Azkarate eta beste herri batzuetan ere.