NAIZ
ASTIGARRAGA

Alberto Iñurrategik irekiko du aurtengo txotx denboraldia

Alberto Iñurrategi mendizale aretxabaletarrak irekiko du aurtengo txotx denboraldia heldu den urtarrilaren 15ean, Astigarragako Gurutzeta sagardotegian, Sagardoaren Lurraldeak jakinarazi duenez.

Urtarrilaren 15etik aurrera dastatu ahal izango da sagardo berria txotxean.
Urtarrilaren 15etik aurrera dastatu ahal izango da sagardo berria txotxean.

Urtarrilaren 15arekin emango diote hasieran aurtengo txotx denboraldiari Astigarragako Gurutzeta sagardotegian, Sagardoaren Lurraldeak berri eman duenez. Aurtengo gonbidatua Alberto Iñurrategi mendizale aretxabaletarra izango da.

Egun horretan ospatuko da, hain zuzen ere, XXV. Sagardo Berriaren eguna, egitarau zabalarekin. Sagardoetxean egingo dute lehenik sagardo uzta berriaren aurkezpena eta hor emango dute sagarraren eta sagardo berriaren ezaugarrien berri, sagardoaren munduko gertaera garrantzitsuenekin batera. Eguerdian izango da hori, eta bertan Zorione Etxezarraga Astigarragako alkatea eta Sagardun Partzuergoko lehendakaria izango da, Lakuako Gobernuko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin batera.

Urtero bezala, ordea, eguneko unerik garrantzitsuena txotx irekiera izango da. Aipatu sagardotegian «Gure sagardo berria» oihu egingo du Alberto Iñurrategik lehen kupela irekitzean, eta horrekin batera 2018ko sagardo denboraldi berria zabalduko da.

Horren aurretik, Sagardoetxeako sagastian sagarrondo berri bat landatuko du Iñurrategik. Ekitaldi sinboliko horrekin, naturaren dinamikotasuna eta berritzeko ahalmena azaldu nahi dira, urtetik urtera mahai batean sagardoaren bueltan esertzeko aukera eskaintzen baitu.

Iaz Eneko Atxa sukaldari bizkaitarrak ireki zuen txotx denboraldia.