NAIZ

Alex Txikon eta bere taldea Everesteko behe kanpamentura iritsi dira

Alex Txikon mendizale bizkaitarra eta bere taldea Everesteko behe kanpamentura iritsi dira jada, 5.300 metrora. Iaz, espedizio berean, urtarrilaren 4ean heldu ziren, eta aurten, ordea, bi egun lehenago, Lemoako alpinistaren taldeak jakinarazi duenez. Munduko gailurra neguan eta oxigenorik gabe igotzen saiatuko da bigarren aldiz.

Alex Txikon, Everesteko trekkingeko une batean. (@AlexTxikon)
Alex Txikon, Everesteko trekkingeko une batean. (@AlexTxikon)

Everesteko behe kanpamentura heltzeko trekking egin behar izan dute zortzi egunez Alex Txikonek eta bere taldekideek, bere webgunean jakinarazi duenez. Taldea osatzen duten mendizaleen hitzetan, «egun ikaragarriak» bizi izan dituzte, «eroso» aritu direlako eta «asko gozatu» dutelako ibilbide osoan zehar, egun batean ezik, gainontzeko guztietan eguzkia izan baitute bidelagun. Hortaz, «irudi ikusgarriak» hartzeko aukera izan dute, eta lemoaztarraren sare sozialetan partekatu dituzte egunero.

Berritasun gisa, aurten behe kanpamentuaren kokalekua aldatu eta iaz baino gorago ezarri dute. Oraindik altuera zehatza kalkulatu ez duten arren, lana aurreztuko dutelakoan daude, Khumbuko izotz jauzitik gertuago baitaude. Gainera, gorago egon arren, aurrekoa baino toki eguzkitsuagoa omen da.

Momentuz, mendizale bizkaitarra eta bere taldeak ekinean diraute, lan asko baitaukate egiteke behe kanpamentua bete-betean ezarri eta hornitzeko. Horrela, lanak gaur eta bihar artean bukatzea espero dute.

Bigarren saiakera

Everest neguan eta oxigenorik gabe igotzeko egingo duen bigarren saiakera izango du honakoa Alex Txikonek. Iaz espedizioa bertan behera utzi behar izan zuen martxoaren hasieran, eguraldiagatik.