NAIZ
GASTEIZ

AHTren eraikuntza lanek Aramaion eragindako kalteak salatu ditu EH Bilduk

Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanen «utzikeriak» Aramaion sortutako arazoak gaitzetsi ditu koalizio abertzaleak: «Lanak gaizki egiteaz gain, gauza asko egiteke dituzte». Herriko alkatearen eta Adifeko arduradunaren agerraldiak eskatu ditu EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan.

AHTren lanek «kalte eta arazo larriak» eragin dituzte Aramaion, koalizioak salatu duenez. (EH BILDU ARABA)
AHTren lanek «kalte eta arazo larriak» eragin dituzte Aramaion, koalizioak salatu duenez. (EH BILDU ARABA)

AHTren lanek Aramaion «arazo larriak» eragin dituztela arbuiatu du, ohar batean, EH Bilduk. Kalteen zerrenda luzea dela azpimarratu dute: «Izan ere, 2008tik lur-jausiak egon dira, irteera gabe utzi dituzte hainbat lursail, desjabetzeak eguneratu gabe daude eta bertako herritarrek gehiago ordaindu behar dute zergetan eta hainbat bide eta errepide guztiz suntsituta daude».

«2010ean lur-jausi oso larri baten ostean –gaineratu dute–, errepide nagusia itxita egon zen 18 hilabetez eta bigarren mailako beste errepide eta landa bideak erabili ziren Arrasaterako bidean. Bide hauek guztiak erabat suntsituta daude gaur egun eta konpontzeko konpromisoa hartu zuten arren, ez da ezer egin azken urteotan».

Gogoratu dute azken lanak amaitu zirenetik ia bi urte pasa direla eta oraindik enpresak ez duela eremua garbitu. «Zikinkeria, obra-hondakinak, hesiak eta abar luze bat botata dago herrian azken lanak amaitu zirenetik», salatu dute.

Hori dela-eta, EH Bilduk Aramaioko alkate Lierni Altuna eta Adifeko arduradunen agerraldiak eskatu zituen. Hala, Altuna ostiralean joango da Arabako Batzar Nagusietako Bide Azipiegitura eta Mugikortasun batzordera. Adifetik, aldiz, ez diote erantzunik eman koalizioaren eskaerari.

«Adifek zein Arabako Foru Aldundiak erabateko utzikeria adierazi dute eta lan asko amaitu gabe eta gaizki egiteaz gain, oraindik gauza asko egiteko dituzte», salatu du Kike Fernandez de Pinedok, EH Bilduren batzarkide taldeko eledunak.