NAIZ
DONOSTIA

Banderaren igoerarekin abiatu da festa Donostian

Gauerdia iristearekin batera, mukuru beteta zegoen Konstituzio plazan igo dute Donostiako bandera, eta San Sebastian martxaren doinuarekin eman diote hasiera 24 orduko festari.

Banderaren igoerarekin batera lehertu da festa Donostian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Banderaren igoerarekin batera lehertu da festa Donostian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Azken orduak zeruari eta eguraldi iragarpenari begira eman dituzte donostiar askok, baina gauerdia hurbiltzen joan den neurrian, jendetza inguratu da Konstituzio plazara eta, beste behin, leporaino bete dute sansebastianen hasiera bertatik bertara jarraitu ahal izateko, euririk gabe gainera.

Eneko Goia alkateak igo du bandera eta, ohi bezala, Gaztelubide elkarteko danborradak jo du Raimundo Sarriegiren San Sebastian martxa, Jose Ramon Mendizabal danbor nagusiaren eta Ainhoa Olasagasti urketari nagusiaren gidaritzapean, festari hasiera emanez. Erabat hunkituta, eszenatoki gainean zegoen Richard Oribe igerilari paralinpiarra, aurtengo Urrezko Danborra.

San Sebastian egun honetan, 143 izango dira kalera aterako diren nagusien danborradak, iaz baino hiru gehiago (AMPA La Salle Loila, Asociación Amigos de Angulas Aguinaga eta Claret/MB Gizarte Kultur Elkartea lehen aldiz aterako dira). Hala, guztira 4.589 pertsona arituko dira danborra jotzen eta 11.500 izango dira barrilekin edota edarrekin arituko direnak (hauetatik 2.489 urketariak izango dira).

Haurrei dagokionez, 42 ikastetxe eta elkartetako ia 5.000 ume izango dira San Sebastian eguneko desfilean parte hartuko dutenak. Guztira, ordea, 49 konpainia izango dira; izan ere, 7 ikastetxe edo elkartek bina konpainia izango dituzte. Auzoetan barrena 3. 015 ume ibiliko dira. Berrikuntza bat dakar aurten Easo Ederraren karrozak. Aurreneko aldiz, XIX. mendeko gizarte zibileko beste pertsonaiekin bat egingo baitu alkate andreak. Pertsonaia berri horrez gain, karrozan doazen gainerako umeak ere San Patricio ingeles ikastetxekoak izango dira.

Azpeitian eta Lakuntzan ere ospatuko dute San Sebastian eguna.