naiz

Ander Errandoneak pilota profesionala utzi du 20 urterekin «ilusioa eta konfiantza galduta»

Ander Errandonea aurrelari gazteak esku pilota profesionala uzteko erabakia hartu du. Debuta 2017ko urtarrilean egin eta gero, arazo ugari izan ditu eskuetan. Konfiantza eta ilusioa galduta, erabakia «ongi pentsatutakoa» dela azpimarratu du bere agurrean eta eskerrak eman nahi izan dizkio Aspe enpresari profesionaletan aritzek oaukera emateagatik.

Ander Errandonea, bere debut egunean, Tolosan. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Ander Errandonea, bere debut egunean, Tolosan. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Berako aurrelariak, eskuetako arazoak medio, esku pilota profesionala utzi du. Profesionaletan urtebete eman ostean, erabaki hau hartzeko beharrean ikusi du bere burua. Asperekin egin zuen debuta 2017ko urtarrilaren 2an, eta ordutik lesio ugari izan ditu.

Enpresak jakinarazi duenez, hainabtetan egon behar izan du asteetan edo hilabeteetan geldirik eta pilota profesional uzteko erabakia hartu du. Era berean, frontoietara itzultzen zen bakoitzean pasa beharreko froga eta honek sortutako presioak ere ez dute lagundu.

Errandoneak adierazi duenez, konfiantza eza eta ilusioa galdu izana dira bi arrazoi nagusiak: «Guztiek esaten zidaten profesionaletako lehen urtea oso gogorra izanen zela, baina nire kasuan lesioek are eta gehiago gogortu dute». Erabakia, ongi pentsatua dela ere azpimarratu du. «Horrelako erabaki bat ez da asko pentsatu gabe hartzen. Aspaldi planteatu nuenean oso gogorra egin zitzaidan, pilotari ororen ametsa baita profesionaletan aritzea. Baina kantxara konfiantzarik eta ilusiorik gabe irteten zarenean ez dago beste biderik».

Agurrean Fernando Vidarte eta Asperi «aukera» eskertu nahi izan die.