Jon Ormazabal
Tolosa

Jokin Altuna festara batu da Tolosan (17-22)

Amezketako aurrelariak partida bikaina jokatu du defentsan eta erasoan eta garaipena lortu dute Aspekoek partida entretenigarri batean

Sailkapenean ez zuen inolako garrantzirik gaurko partidak, baina Beotibar goraino beteta, pilotariek ez dute ezer galdu eta pilotazaleak gustura irten dira pilotalekutik ikusitako ikuskizunarekin. Hori bai, lauretan onena, partida bikaina jokatu duen Jokin Altuna izan da.

Partida gorabeheratsua izan da gaurkoa Tolosan, markagailuan bueltak izan dituena eta ia amaierara arte emozioa izan duena. Oinatz Bengoetxea eta Larunbek hobe ekin diote partidari, batez ere bizkaitarrak atzean asko dominatuta, egungo buruz buruko txapeldunak aukera gehiago izan dituelako. Sakez ere asmatu du et 7-2 aurreratu dira.

Hori bai, azkar eman diote buelta Aspekoek. Euren pilota jokoan jarrita, Martijak gorantz egin du, pilota asko baztertu du ezker paretara eta Jokin Altunak era guztietako tantoak lortu ditu, partidari buelta emanaz (10-16).

Hein handi batean, horixe izan da garaipena eman dien giltza, aukera gutxixeagorekin, amezketarrak Oinatz Bengoetxeak baino gehiago amaitu baitu aurrean. Atzean, Martijak ez dio bizkarrik erakutsi Larunberi, baino askoz ere huts gutxiago pilatu ditu.