naiz

Urrea ustiatzeko Sudmineren egitasmoari ez dio baimenik eman frantziar Ekonomia Ministerioak

Frantziar Ekonomia Ministerioak Kanbo inguruko lurretan urrea ustiatzeko baimena ukatu dio Sudmine enpresari. Urteetako eztabaida eta gizartearen oposizio handi baten ostean, erabakia irmoa da eta ez du helegiterik onartuko, hauek aurkezteko epeak pasa egin dira-eta.

Sudmineren egitasmoaren aurkako elkarretaratzea. (©Bob EDME)
Sudmineren egitasmoaren aurkako elkarretaratzea. (©Bob EDME)

Sudmine enpresak Ipar Euskal Herrian urrea ustiatzeko zuen egitasmoa bertan behera utzi du frantziar Ekonomia Ministerioak, Kazetak iragarri duenez. Urtetako borrokaren ostean, Sudminek bertan behera utzi beharko du proiektua, erabakiak ez du helegiterik onartzen-eta. 

2014ko azaroan, Sudmine enpresak Ekonomia Ministerioari baimen esklusiboa eskatu zion, Ainhoa, Kanbo, Ezpeleta, Haltsu, Itsasu, Jatsu, Larresoro, Sara, Senpere, Uztaritze eta Zuraide inguruko lurretan (126 km2) zundaketak eta bilaketak egiteko. Hainbat udalerrietako herriko etxeek eta Nekazaritza Ministerioak berak kontrako jarrera hartu zuten eta hala jakinarazi zioten prefetari espedientean jasotzeko eskatuz. Euskal Elkargoa berak ere gutun bat igorri zion Ministerioari.

Eta 2017ko apirilera arte zuen epea Gobernuak erantzun bat emateko. Erantzunik ezean, baimenik ez. Hau saihestu asmoz, martxoan helegitea jarri zuen enpresak Ekonomia Ministerioan eta azken honek urtea eman aurretik erantzungo zuela baieztatu.

Iazko apirilean izan zuten ezezko erantzuna eta auzitegi administratiboetan helegitea jartzeko, ordutik, bi hilabete zituen Sudminek. Argudiatu dutenez, ez zuten halakorik egin Ministeriotik ez zutelako inolako erantuznik jaso. Eta orain, epe guztiak pasa direnean, ez dauka urrea ustiatzeko baimena eskatzeko aukerarik.