naiz

Justizia frantsesak bere amaren hiletara joateko baimena ukatu dio Ibon Goieaskoetxea presoari

Ibon Goieaskoetxea euskal preso politikoaren ama, Lourdes Arronategi, otsailaren 20an zendu zen eta gaur, 14:00etan, azken agurra emango diote Zokoan eginen den ekitaldian. Ekitaldira joateko baimena eskatu zuen Goieaskoetxeak, baina justizia frantsesak ukatu egin dio.

Justizia frantsesak bere amari azken agurra emateko baimena ukatu dio Ibon Goieaskoetxea euskal preso politikaori. Otsailaren 20an, sorterria zuen Busturian zendu zen Lourdes Arronategi, presoaren ama, eta gaur, 14:00etatik aurrera, agur ekitaldi bat egingo diote senide eta lagunek Zokoan.

Arleseko espetxean dagoen Goieaskoetxeak baimena eskatu zuen bertan egon ahal izateko, baina frantziar Estatuko justiziak ez dio eman, Mediabaskek jakinarazi duenez. Galizan preso dagoen beste anaiak, Eneko Goieaskoetxeak, ordea, baimena jaso zuen Busturian egin zitzaion agurrean parte hartzeko eta ama gertukoekin batera agurtzeko.

Justiziaren jokabide eta erabakiak sortzen duen «sufrimendua» salatu du familiak, eta hau gertazen den lehen aldia ez dela ekarri dute gogora. Iazko udaberrian Goieaskoetxeatarren aita zendu zen, eta orduan, bi anaiei ukatu zieten aita agurtzeko ekitaldian parte hartzeko eskaria.

Duela hilabete eskas, orain Mont-de-Marsango espetxean dagoen Zigor Garro preso oreretarrari baimena eman zion espetxeko zuzendariak, eta Zokoan bertan bere amari egin zioten omenaldi eta agurrean parte hartzeko aukera izan zuen, gertukoen artean.