naiz
iruñea

‘Menpekotasunetik askatasunera, burujabe hobe’, 2018ko Aberri Egunaren leloa

2018ko Aberri Eguna, apirilaren 1ean, Iruñean, ospatuko du Independentistak sareak eta «aldarrikapena eta ospakizuna» uztartu nahi ditu, egun osoko egitarau baten bidez. Ohar baten bidez jakinarazi dutenez, aurten, eguerdiko manifestazioaren ohiko ibilbidea aldutu egingo da, Sarasate Pasealekutik irtengo da 12.00etan eta, erdiguneko hainbat kaletan zehar ibili ondoren, toki berean amaituko da.

Iaz Gernikan antolatu zuten Aberri Eguna. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Iaz Gernikan antolatu zuten Aberri Eguna. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Burujabetza izango da aurtengo Aberri Egunean Independentistak sareak landuko ildo nagusia eta, zentzu horretan, aurtengo leloa, ‘Menpekotasunetik askatasunera, burujabe hobe’ izanen da. «Kataluniako prozesuaren aurrean Estatu espainiarrak bere mozorro guziak kentu eta argi erakutsi du zer errealitatetan gauden. Espainiako Erresuman, alderdien arteko indar korrelazio eta joko politikoetatik harago, Estatuaren botere faktikoek hartu dute zuzen zuzenean politikaren leloa», adierazi dute.

«Inboluzio politiko eta sozial» honek «aldarrikapen independentistak errotik suntsitzeko eraso bortitza» suposatzen du eta bide horretan kokatu du «Kataluniaren aurkako erasoa». Azken urteotan arlo guztietan «menpekotasunaren kalteak» ikusi ahal izan direla azpimarratu dute eta, honen aurrean, «burujabetzaren bidea dela alternatiba bakarra» nabarmendu.

Egoerari aurre egiteko «oinarri soziala aktibatu, ilusionatu, eta gehiengo sozial independentista eraikitzea» beharrezkoa dela azpimarratu du Independentistak sareak. «Prozesu soberanista sostengatuko duen indarra metatzeko ordua da: demokrazian, justizia sozialean, aniztasunean eta askatasunean oinarritutako etorkizun komun bat partekatzeko prest gauden herritar guztion artean osatu behar dugun subjektu soberanista».

Eta bide horretan kokatu ditu pentsiodunen mobilizazioak eta martxoaren 8ko greba feminista. «Oinarri sozialean borrokarako grina eta indarra badagoela erakutsi dute. Orain, mugimendu independentistaren ardura da milaka eta milaka herritar horiei guztiei erakustea beraien aldarrikapenak eta burujabetzaren aldeko borroka bide beretik doazela».