NAIZ

Nafarroako azken bi lan istripuak deitoratu eta haien inguruabarrak argitzeko eskatu du LABek

Erakundeei eta patronalari eskatu die LABek asteon Nafarroan izan diren bi lan istripuen inguruabarrak argitzeko, aipatu kasuetan hartu ziren prebentzio neurrietan fokua jarriz.

Bere elkartasuna adierazi die LAB sindikatuak iragan ostegunean Sakana Sociedad Cooperativa enpresan istripua izan eta atzo hil zen Yerai Lanz Azpilikueta 30 urteko langilearen familiari eta lagunei, bai eta Untzue parean atzo hil zen Mikel Diaz Oiaga 45 urteko kamioilariaren sendiari ere.

Era berean, erakundeei eta patronalari eskatu die aipatu bi ezbehar horien inguruko guztiak argitzea, «prebentzio neurriak hartu ziren ala ez eta egokiak ziren ala ez argitzea».

Gogora ekarri du LABek aurten 14 direla dagoeneko lan-istripuan hildakoak; horietatik zazpik errepidean galdu dute bizia, garraiolariak izanik. Datu horiek eta prekaritatearen ondorioak gizarteratzea «nahitaezkoa» dela kontuan hartuta, deia luzatu du sindikatuak lan-istripuak deitoratu eta salatzeko antolatuko diren ekitaldietan parte hartzera.

«Prekaritatea, enpleguaren kalitate eskasa eta prebentzio neurri egokiak ez hartzea izan ohi dira lan istripu eta gaixotasunen oinarrian dauden egiturazko arrazoiak», azaldu du LABek ohar baten bidez, gaineratuz larriena horren guztiaren atzean dagoena «diru gosea» dela.

«Lan kostuak murriztuta irabazi tasak mantenduz sakontzen da prekaritatean, eta ez dira beharrezko prebentzio neurriak hartzen», salatu du. «Batzuek gehiago irabazteko, gero eta gehiago dira egunero beraien bizitza arriskuan jartzera behartuak diren langileak, baita hiltzen direnak ere».

Hala, istripu ia guztiak oinarrizko segurtasun neurri batzuekin ekidin zitezkeela iritzi dio LABek: «Normalean, prekaritate egoera gordinetan gertatutakoak izaten dira istripuak, eta halakoek agerian uzten dute prebentzio arloan atzera goazela prekaritatearen ondorioz».