Gotzon ARANBURU
OÑATI

Bizilagunen integrazioa

‘Herri bat, hainbat jatorri’ du izena ekimenak, eta ezin hobeto adierazten du zein helburu duen: Oñatira bizitzera etorri diren etorkinek eta bertako biztanleek elkar ezagutzea, bakoitzaren ezaugarriak errespetatuz denak oñatiar senti daitezen. Horretarako, hitzaldietara eta sukaldaritzara jo dute, lau mahai inguru eta beste hainbeste afari antolatuz: Paraguai, Sahara, Nepal eta Dominikar Errepublikatik etorritako gizon-emakumeak dira protagonista.

Paraguai izan zuen protagonista lehenengo afari eta solasaldiak. (Gotzon ARANBURU)
Paraguai izan zuen protagonista lehenengo afari eta solasaldiak. (Gotzon ARANBURU)

Oñatiko ‘Auzoko’ programa duela lau urte jarri zen martxan. Jatorri ezberdineko herritarren elkargunea da, oinarri gisa euskara hartuta. Oraingoan, Antixenako gaztetxearekin batera ‘Herri bat, hainbat jatorri’ ekimena abiatu dute, eta lau hilabetetan zehar hedatuko da. Helburua, Oñati osatzen duten herritarren kultur eta jatorri aniztasuna aintzat hartzeko eta haien artean elkar ezagutzeko bidean aletxo bat jartzea da, betiere giro atsegin eta erakargarri batean. 

‘Auzoko’ Oñatiko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak abiatu zuten, herrian dauden kultur eta hizkuntza ezberdinak aintzat hartzeko eta elkar ezagutzeko, betiere euskara eta euskal kultura ardatz eta guztion lokarri hartuta. Ekimenean «auzotarrak» daude batetik, euskara ama hizkuntza duten herritarrak, eta «auzokideak» bestetik, euskara ez dakiten edo erabat menperatzen ez duten herritarrak. Astean behin, ordu eta erdiz edo bi orduz biltzen dira, jolasetan, tailerretan, afarietan… elkarren berri izateko eta elkar aberasteko. 

Euskaratik urruti bizi diren oñatiarrak euskarara hurbildu nahi ditu ‘Auzoko’k, modu natural batean jarri daitezen hizkuntzarekin. Era berean, jatorrizko oñatiarrek herrian dagoen hizkuntz aniztasunaz eta aberastasunaz jabetzea da bigarren helburua, Oñatin, Euskal Herriko herri eta hiri gehienetan bezalaxe, hogeitik gora hizkuntza entzuten baitira kalean, dendetan edo kiroldegian. Eta euskara kohesio hizkuntza hartuta, herritarrak elkarrekin harremanetan jartzea da hirugarren helburua. 

Etorkin eta bertakoen arteko lubakia estali

Jakina, etorkin askorentzat zaila da euskaltegira joatea. Kalean, jendartean ikastea askoz erosoagoa da haientzako, eta aukera hori dute Oñatin. Baina bada lubaki bat etorkinen eta bertakoen artean, eta egitasmo honek lubaki hori estaltzen du, bi aldeak gerturatzen ditu eta elkarren antz uste baino handiagoa dutela konturatzen dira biak, harremanetan jartzen direnean. Ez hori bakarrik, etorkinak ez dira bloke konpaktu bat, eta haien artean ezagutzeko aukera ere ematen die ekimen honek; euskaldun batentzat bezain ezezaguna da Pakistango urdu hizkuntza argentinar batentzat edo senegaldar batentzat, eta zer esanik ez niharia edo biryania, jateko orduan.

Julen Korkostegi da ‘Auzoko’ programaren dinamizatzailea. Azaldu digunez, hamar bat lagun biltzen dira astero, eta hizketagai bat jartzen dute, honen inguruko hiztegia lantzeko. Guinea Bissau, Nepal, Sahara, Pakistan, Paraguai, Argentina eta beste nazionalitate askotako biztanleak gerturatzen dira ‘Auzoko’ra, herriak daukan aniztasunaren seinale. Gastronomian ere nabaritzen da hori, jakina, eta elkarren berri izateko nahi horretan afari ireki bat antolatu zuen iaz Antixena gaztetxean. Afari pakistandarra izan zen. Herritar mordoa bildu zen mahaira, Pakistango jakiak dastatu eta hango kultura eta ohiturez zerbait ikasteko. 

Iazko arrakasta ikusita, aurten ere afariak antolatzea erabaki dute ‘Auzoko’k eta gaztetxeak; ez bat, lau baizik, martxotik maiatzera hilabetero bat, bakoitza herrialde bateko jakiekin. Gainera, afaria egingo den astean bertan, herrialde horri buruzko solasaldia izango da gaztetxean, hango ohiturak eta kultura sakonago ezagutu ahal izateko.

Lehenengo solasaldiak eta afariak Paraguai izan du protagonista. Sahara izango da hurrena, apirilean, eta ondoren Nepal (maiatzean) eta Dominikar Errepublika (ekainean). Julenen hitzetan «sarritan, bertan jaiotakoak ez gara jabetzen zein garrantzitsua den herrian bizi diren beste pertsonen kultura eta ohiturak ezagutzea, kohesio eta elkarbizitza osasuntsu baterako. Kanpotik etorritakoak ezagututa denok aberasten gara, bai pertsona modura eta bai kulturari dagokionez». Hala, elkar hobeto ezagutzea da ‘Herri bat, hainbat jatorri’ ekimenaren helburua, baita etorkinek topatzen dituzten zailtasunak gainditzeko egiten duten esfortzua goraipatzea ere. 

Gaztetxeko sukaldea baino hobea daukate Nekazarien elkartea soziedadean eta han prestatu zuten afaria Ivan Acosta paraguaitarrak eta bere familiak. Mandioka, Paraguaiko zopa berezia eta haragi errea prestatu zituzten, eta handik Antixena gaztetxera eraman, han dastatzeko. Paraguaitarrek oso gustukoa dute tereré izeneko edaria, matearen antzekoa baina ur hotzarekin egiten dena. Termo handi bat bete zuten afarirako. 

Afaltzera bildutako erdiak, gutxi gorabehera, bertakoak ziren eta beste erdiak kanpotik etorritakoak, baina jangelan denak nahastu ziren eta elkarren berri eman zioten. Wednesday Silva zen afaltiarretako bat. Ginea Bissautik etorri zen duela dozena bat urte eta erabat errotu da Oñatin. Bere irribarre zabalarekin esan digu hemengo «dena» gustatzen zaiola; eskatzekotan, ezezagunekin harremana egiteko errazagoa izatea. «Ez zarete itxiak; hemengoak zarete, besterik gabe» diosku.

Suleman Muhammad pakistandarra duela hiru urte etorri zen Oñatira, eta euskaltegian ikasitakoarekin eta kalean praktikatutakoarekin ederki asko moldatzen da euskaraz. Bakarrik «fan» zen Pakistanetik, familiarik gabe, baina ez du bakarrik segi nahi eta «norbaiten bila» dabilela aitortu digu barrez. Asiatik iritsia da, baita ere, Swejan Adhikari nepaldarra. Londresen ikasi zuen eta duela bost urte ailegatu zen Oñatira. Eroskiko «peskaderixan» egiten du lan eta oso gustukoa du Oñati, jende jatorra topatu duelako bertan eta Nepaleko bere jaioterriaren antza hartzen diolako, han ere mendiak baitaude inguruan, hemen Aizkorri dagoen bezalaxe. 

Ameriketako ordezkaria Eva Salazar argentinarra da. Aurrena Araban bizi izan zen, baina badaramatza 12 urte Oñatin eta poliki moldatzen da euskaraz. Baserri batean bizi da, naturaz eta animaliez inguratuta. «Gainera txikiteoa gustatzen zait eta jendea oso abegikorra da. Zer gehiago eskatu dezaket?» diosku. Luali Belal Sidahmed sahararra da, eta aspaldi utzi behar izan zituen Tindufeko errefuxiatu kanpamentuak. Kuban egin zituen ikasketak, handik Andaluziara egin zuen salto eta handik Euskal Herrira. Hau ere ikasten ari da, poliki poliki, eta oso beharrezkotzat jotzen ditu ‘Auzoko’k eta gaztetxeak antolatutako ekimen honen modukoak. 

Deba bailara osoan

‘Auzoko’ ekimena ez da Oñatira mugatzen. Deba bailaran barrena hedatuta dago, Soraluzen, Bergaran, Eskoriatzan, Arrasaten, Aretxabaletan… Donostian eta Gasteizen ere badu presentzia. Julen Korkostegik ondo ezagutzen ditu etorkinen bizipenak, eta denetarik dagoela esan digu. Batzuk familiarekin etortzen dira, beste batzuk bakar bakarrik; bakar batzuk lana aurretik topatuta iristen dira, gehienak ez; batzuk hobeto moldatzen dira Oñati bezalako herri euskaldun batera, eta beste batzuei gehiago kostatzen zaie. Etorkinetako askok integratzeko jarrera nabarmena erakusten dute, eta euskara ikasteari eta herriko bizitzan integratzeari ekiten diote. Herritarren aldetik ere jarrera orokorra prozesu horretan laguntzekoa da. 

Bada alderdi bat aipatzea merezi duena. Jaioterrian hizkuntza gutxitu bat erabiltzen badu etorkinak, edo hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten diren herrialde batekoa bada, euskararekiko jarrera hobea azaltzen du normalean. Oñatiko paraguaitarrek, adibidez, guarania ere hitz egiten dute. Alegia, badute hizkuntza gutxitu baten bizipena. Gaztelania, eta gaztelania soilik, jakinda datozenek, ez dute beharbada euskara ikastearen beharra hain argi ikusten. Hori bai, begi bistakoa da euskara ikasten duenak «plus» bat eskuratzen duela, bertako kulturan askoz gehiago integratzen dela, bertakoago sentitzen dela eta bertakoek ere gertuagokoa sentitzen dutela. 

Beste toki askotan ere bai

Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere martxan daude Oñatikoaren antzeko ekimenak. Esate baterako, Getxon. ‘Bizilagunak Getxo / Elkartzeko bideak’ deitzen da egitasmoa, eta getxoztarren artean «elkartzeko eta ospatzeko espazioak sortzea» du xede, udalerrian «kulturartekotasuna, aniztasuna eta interakziorako eremuak bilatzen ditugunontzat». Egizu elkartea, Getxoko Etorkinen Plataforma, Ibili elkartea eta Getxoko Udala dira antolatzaileak, Lakuako Gobernuaren eta SOS Arrazakeriaren laguntzarekin. Datorren maiatzaren 21ean egun osoko ospakizuna izango dute; tailerrak, jarduera ludikoak, eta herri-bazkaria izango dituzte Fadurako garagardotegian. Maiatzaren 21a Kultura aniztasunaren mundu eguna da. 

Ipar Euskal Herrian ere etorkinei laguntza emateko ekimenak ez dira falta, adibidez Baionan ari den ‘Bestearekin’. Elkarte honen lana asilo eskubidea ukatu zaien etorkinei laguntzea da; kontuan izan behar da Estatu frantsesera iristen diren etorkinen %80ari ukatzen diola Administrazioak asilo eskubidea. Baionako kasuan bi urtez egoten dira bataz beste etorkinak Centre d’Accueil des Demandeurs d’Asiles (CADA) delakoan, lanerako eskubiderik gabe. CADA utzitakoan, elikagaiak, osasun arreta, eskola eta bestelako zerbitzuak eskaintzen die Bestearekin-ek, Gurutze Gorriaren eta Elikagai Bankua bezalako erakundeekin elkarlanean. 

Beste era bateko lana, baina hau ere bizikidetza interkulturalaren bidean, Araban AGLEk (Arabako Gizarte Laneko Elkartea) egiten duena da. Hezkuntza esparruan emandako tailerren bidez, sentsibilizazio handiagoa lortzea eta bizikidetza interkulturala lortzea du helburu, modu transbertsalean eta bi noranzkotan. Ikasleei, irakasleei eta gizarteari zuzendutako lana da, eta eskola bakoitzaren eskariaren arabera Lehen Hezkuntzako seigarren urtera arte antolatzen dira tailerrak.