Gotzon ARANBURU

Gaindegiaren jomugak

Aldaketa handiko garaiak bizi ditu Euskal Herriak. Eta aldaketak zalantza dakar, kezka eta larritasuna zenbaitetan. Baina gauza ederrak egiteko gai izan da gure herria ataka zailetan, eta orain ere egingo dituela uste du Imanol Esnaolak, Gaindegiako koordinatzaileak. Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean hartu gaitu eta luze aritu zaigu trantsizioan den Euskal Herri honi buruz.

Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia da Gaindegia, labur esanda, nazio garapenari eremu sozioekonomikotik erreparatzen dion behategia. Bere buruari gure herriarentzat egiturazkoak diren aldagaien jarraipena egitea agindu dio, eta horregatik esan daiteke gure egungo Euskal Herriaren pultsua buruan daukala behategiko lantaldeak eta etorkizunekoaren zantzuak ere ikusteko aukera eduki baduela, bere baliabideak murritzak eta xumeak izan arren. Hasteko eta behin, baikortasunerako deia egiten du Esnaolak. Historian zehar gure herria gauza ederrak egiteko gai izan dela gogorarazi du, baita garai zail askotan ere, eta orain ere bide egokia aurkituko duela eta, are gehiago, eredugarri ere izan daitekeela.

XXI. mendearen aurreneko urteok Euskal Herriarentzat trantsizio garaiak direla garbi dauka Esnaolak. Ikuspegi sozioekonomikotik, garai zahar bat amaitu da, baina haren inertziak jasaten ditugu oraindik, eta garai berri bat hasi da, berarekin dakartzan eginkizun berriekin. Eta bi fase horien arteko tentsioan, oso garrantzitsua deritzo Esnaolak komunitate bat garela kontuan hartzea, lurralde bati lotutako komunitatea, «eta ezinbestekoa zaigu arduraz jokatzea, bai gure lurraldearen eta gure herritarren ongizatea bermatzeko, baita, herri garen aldetik, gure geroarena ere». Gure herri izaera, komunitate izaera berariaz ukatua den aldetik, ez da ariketa erraza, baina bai ezinbestekoa.

Garai zaharretik datoz, besteak beste, burujabetzarik gabe hartutako hainbat erabakiren ondorioak. XX. mendearen zatirik handienean frankismoak gobernatu zuen Hego Euskal Herria eta frankismoaren eredu ekonomiko, territorial eta sozialean ezarri ziren gaur egun –eta are gehiago joan den mendeko 90eko urteetan– erortzen ikusi ditugun hainbat industria, esate baterako. Lurralde desorekak ere garai hartatik datoz, adibidez Araban ikusten ari garenak.

Lurralde desorekaz ari garela, ezin da ahaztu Ipar Euskal Herrian Paristik ezarritako eredu erresidentziala: kanpotik atseden bila etorritakoari eskaintzen zaio lurraldea, hankaz gora jarriz bertako legitimitate guztiak, barnealdeko baserritarrenak, kostaldeko euskaldunenak, industria txikia osatzen zuten enpresa horienak... Emaitza, «sektore immobiliarioaren nagusitasuna eta lurralde desoreka». Tamalez, antzekoa gertatzen ari da Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean, Esnaolaren aburuz: «Ipar Euskal Herriko gazteek emigratu egin behar izan dute, bertako egitura ekonomikoak ez zuelako beraientzat eskaintzarik eta orain Hegoaldekoak ere ari dira emigratzen, formatuenak batez ere. Bigarren Mundu Gerraren ondoren ezarritako industria motak lan asko egingo zuten gizaseme asko behar zituen, hori amaitu da».

«Segregazio geografikoa»

2008-2014 urte tartean izandako atzeraldiak beste ondorio bat ekarri du lan merkatuari dagokionez, hain zuzen ere manufaktura industriaren gainbehera, «eta hori bailaraz bailara kokatua zegoen, enplegu txukunak eskaintzen zituen, eta nolabait ere ongizatea bermatzen zuen. Hori neurri handi batean erori egin da, eta horrekin batera erori da gazte askoren laneratzea sektorean». Baina ez industria mota horretan soilik, baita ezagutzari lotutako ekonomia berrian ere. Alegia, ikasketa maila altuena duten gazte asko kanpora joan beharrean dira, kanpoan topatzen dutelako hemengo sare produktiboak eskaintzen ez dien lehen aukera; eta itzulera ez dago bermatua, Ipar Euskal Herrian ongi dakitenez eta datuek erakusten dutenez.

Lurraldean ere nabaritzen da joera hori. Hainbat eskualde aktibitate industriala galtzen ari dira, eta Sakanari gertatua izan daiteke kasurik argiena, baina ez bakarra inolaz ere. «Segregazio geografikoa» hitza darabil hitzetik hortzera Esnaolak, garai berrien ezaugarrietako bat delako, errenta segregazioan, adin segregazioan edo formazio mailako segregazioan gorpuztua. Alegia, bailara eta eskualde bizi eta indartsu izandako batzuk ahulduta gelditu direla, beste batzuen mesedetan. «Aktibitate nodoak ez daude duela 40 urte zeuden toki beretan eta ez daude hain banatuta lurraldean barrena. Hiriburuetan, bereziki Bilbo Handian, metatzen ari dira aktibitate ekonomiko jasoenak edo konplexuenak, baita gaitasun handieneko ibilbide profesionalak ere. Dualizazioa, bai enpresen eta bai ezagutzaren kokapenean, baita demografian ere, eskualde batzuk gazteak etengabe galtzen ari dira-eta».

Funtzionaltasunari dagokionez, euskal lurraldetasun berria eraikitzen ari da. Lurraldetasun horrek “euskal”-etik badu zerbait, baina nolabait ere dena berriro idazten ari da. «Etorkizunean euskaltasuna espazio eta errealitate berri horietan eraikitzea», horra hor apustua, lan eremu itzela.

Errentan ere dualizazioa gertatzen ari dela nabarmendu du, eta ez soilik ongi irabazten ari direnen eta langabezian daudenen artean. «Gero eta sektore zabalagoa da lana eduki eta hala ere pobrezia arriskuan daudenena. Gazteak, emakumeak, etorkinak, adin nagusiko langileak –hauen artean, bereziki, senideen zaintza lanetan aritzeko lanpostua utzi behar izan duten emakumeak–, horiek dira nagusiki arrisku sektore hori osatzen dutenak».

Esnaolaren iritziz, lurralde arteko lankidetza eta burujabetza handiagorik gabe ez dago apustu horiei guztiei aurre egiterik. Are gehiago, «nekez egingo zaie aurre euskal lurraldeen arteko eta eragile sozioekonomikoen arteko kooperazio gradu altuagoetara pasa gabe. Eta ez dugu kooperazio gradu hori, denbora pasatzen ari da eta ez dugu lortu ‘euskaltasun’ horren baitan gure komunitatearentzat erantzun egokiak aurkitzea arlo sozioekonomikoan. Eta ez hori bakarrik, burujabetzara itzulita, urrats berririk ez egoteaz gain onartu behar da Euskal Herrian aspaldidanik ezarrita dagoela isileko 155. artikulu bat, euskal instituzioek eskumen berriak ez eskuratzeaz gain Europar Batasunaren markoan deszentralizatzen ari diren eskumen batzuk zuzenean Estatuaren eskuetara doazelako», bertako administrazioek, udalek barne, garai berrietan jarduteko behar izan arren.

Beraz, Gaindegiako koordinatzailearen iritziz, herri identitatea duen komunitatea eraikitzen jarraitzeko dugun premia larria da, eta lurraldeen arteko lankidetza zeregin garrantzitsua da bide horretan, elkarrekin bizitzearen lehen oinarria baita «elkarrekin sufritu eta amestea. Tokian tokiko berezitasunak onartuta, bakoitzak berea lantzeko duen legitimitatea aintzat hartuta, ezinbestekoa da datozen hamarkadetan maila komunitarioan lan egitea. Herri garen aldetik, komunitate kohesionatu bat izatea dagokigu, burujabetza eta arlo sozioekonomikoan gure agendan eraginkortasun gradu handiagoetara iristeak herri-xedea behar du». Prozesu horretan talka eta lehia ideologikoak gertatuko direla aurreikusten du, eta osasuntsutzat jo behar direla iritzi dio, baina «ez baldin badugu herri izaerako dinamikarik artikulatzen, zabalean eta luzera, mendekotasun estadio handiagoetara pasatuko gara. Estaturik ez dugun aldetik adostasuna eta lankidetza dira bidea egiteko modu bakarra. Eta are okerragoa, gure erreferentziak sortu ezean, ez gara jabetuko zer kentzen diguten. Kultur munduan darabilten ‘gugintza’ arlo sozioekonomikora ekarri behar da. Etorkizuna prestatu beharra daukagu, etorkizunak herrigintza betean ari garela iritsi behar du, Euskal Pizkunde garaian eta 60ko hamarkadan egin genuen bezala. Aberastasuna sortuko duen eta banatuko duen sistema produktibo bat behar dugu, eta babes sistema bat gure sektore ahulenak babesteko. Trantsizio sozioproduktiboa eta energetikoa egitera behartuta gaude gure lurraldearen luze-zabalean».

Burujabetza eta euskal lankidetza

Trantsizio honetako gakotzat dauzka Gaindegiak lehengaien hainbesteko erabilera egingo ez duten sektoretara jotzea, lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko kontziliazioa, sexu-segregazioari aurre egitea, eta ekonomia “biguneko” sektoreetan –zaintzan, esate baterako– enplegu gehiago eta duina sortzeko ahalegina. Organizazioek ere, enpresek eta bestelakoek, garai berrietara egokitu beharko dute beren antolaketa eredua. Eta era berean, «Euskal Herria modu monozentrikoan ikusi beharrean modu polizentrikoan ikusi beharra dago, hiri moduan ikusi beharrean eskualde moduan ikusi beharra, denoi iristeko egitasmo horren onura». Eta hori guztia gauzatzeko, «hori euskal herritarroi komeni zaigun moduan egiteko, horretarako behar dugu burujabetza». Burujabetza eta euskal lankidetza, horra hor etorkizuna eraikitzeko bi zutabeak.

Zailtasunak ez dira faltako. Dualizazioa dago gizonen eta emakumeen diru sarreren artean, dualizazioa lurraldeen artean ere. Esaterako, lanbide arteko gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian Europako hegoaldeko herrialdeei begira dagoen bitartean, 750 euro inguruan, Ipar Euskal Herrian Europa aberatsari begira dago, 1.400 euroren bueltan. Pobrezia egoera zer den zehazteko orduan ere gakoa da diferentzia hori.

Enpresen jabegoaren gaia ere hor dago. Enpresa industrialen ezaugarrietako bat da eragile lan handia egiten dutela, baldin eta bertan errotzen badira. Zer esan nahi du errotzeak? «Bada, bertako formazio eta inteligentzia organoekin lan egitea, bertako instituzioekin, bertako hornitzaileekin. Baina enpresa baten buruzagitza, jabegoa, lurraldean bertan ez badago, lankidetza hori ez dago zertan egin. Garapen teknologikoan ikusten da hori garbi asko. Erabakiguneak kanpoan dituzten enpresek ez dute zertan teknologia bertan sortu eta bertako laborategiekin eta berrikuntza zentroekin batera lan egin. Aldiz, jabego osoa edo zati nagusia lurraldeari lotuta badago, inteligentzia zentro horiek izango ditu enpresak lehen aliatuak». Zoritxarrez, azken urte hauetan ikusten ari garen joera kezkagarria da, jabegoz aldatuta lurraldearekiko atxikimenduz edo konpromisoz jokatu beharrean, unean uneko errentagarritasunaren arabera funtzionatzen ari baitira enpresa handi asko, proiektu sendoak zapuztuz.

Halaber, bestelako mugimenduak ere ageri dira. Lakuako Gobernuak CAF enpresako akzioak erosi eta haren jabegoan parte hartzeko urratsa jarri du adibidetzat Esnaolak. «Oraingoz urrats bakarra da, bere neurrian hartu beharrekoa, baina norabide onean emana», eta etorkizun hurbilean horrelako ekimen gehiago izatea espero du, erabakietan bertako interesak aintzat har daitezen.

Zerga bilketa eta immigrazioa

Administrazioari begira ere jarri da Esnaola, agenda sozioekonomikoa zabaldu zaion aldetik, uste baitu zerga bilketak «emaitza hobeak» behar dituela eta ez bakarrik babes sozialeko gastuak estaltzeko, baita ere berrikuntzan inbertitzeko, zerbitzu publikoak arazo berrietara egokitzeko, Unibertsitatean zein Lanbide Heziketan bide berriak urratzeko... «2015az geroztik nabaritzen ari den aktibitate ekonomikoaren indartzeak zerga bilketa hobetzea ekarri du. Baina 2017an zehar fiskalitate mailako aldaketak izan dira EAEn, oso lotuta daudenak enpresen gaineko zerga sistemari, hain zuzen, ordaindu beharreko zergak kalkulatzeko oinarriari. Baliteke aldaketa hauek direla medio, eta enpresei ahalmen ekonomiko gehiago emanda, emaitza hobeak lortzea… edo baita zerga bilketaren emaitzak ez hobetzea ere». Esnaolaren ustez, diru bilketa publikoa indartuz politika publiko berriak abiatzeko garaia da, baina hori gertatu aurretik hitzartu da enpresei aukera ekonomiko zabalagoa uztea diru bilketa publikoa handitu beharrean. Ikusteko daude politika honen emaitzak.

Arlo sozioekonomikotik irten gabe, immigrazioaren gaia ukitu beharra dago. Olatu handia izan zen Hego Euskal Herrian joan den mendeko 60-70eko urteetan, eta ondoren, 2000. urtetik aurrera beste bat, hazkunde ekonomikoari lotutakoa. Ipar Euskal Herrian azken hamarkada honetan kostaldean bizi izan dute berriro fenomenoa. Hori dela-eta, beste herri batzuetan sortutako euskal herritarren portzentajea asko hazi da gure herri eta hirietan. Gaindegiak aurreikusten du immigrazioak jarraituko duela, «baina ekonomiaren geldotzearekin batera urritu egingo da, dagoeneko ikusten denez», eta seguru asko oso loturik jarraituko duela lan prekarizatuari.

Eremu honetan, Gaindegiako ordezkariak argi dauka Euskal Herriko harrera politika ezin dela inondik inora Estatu espainolarena izan. «Harrera politika egoki batek kohesio sozial handia eragiten du eta, aldiz, desregularizazioa bilatzen duten politikek etenak eragiten dituzte gizarte mailan; eta hori inolaz ere ezin dugu onartu, gure komunitatearen trinkotzea eta etorkizunerako asmoak barru-barrutik zapuzten dituelako». Beraz, gure harrera kultura landu beharko da, baita prekaritatea gainditu ere kolektibo horietan bazterketarik eragin ez dezan.

Arlo politikoagoari helduta, behin onartuta Estatuarekiko hitzarmengintza administrazioen betebeharra dela, Iruñeko eta Lakuako gobernuek eginkizun hori ere eduki badutela, zehazki hitzarmen ekonomikoa eta ordain ekonomikoa adostu egin beharra dutela, Esnaolarentzat «ukaezina da jardun horrek burujabetzaren aldeko aldarrikapena baretzea eskatzen duela, bestela ez genuke nolanahi onartuko. Eta baretze hori baliatu egiten du Estatuak burujabetza eremu berriak ez emateko edo lehendik daudenak mugatzeko. Eta egoera horretan gaude, makalaldian, eta arriskutsua da. Are gehiago gainezka ditugun zenbait problemaren inguruan gehiengo sozial eta politiko zabalak eratzeko orduan, esaterako pentsio sistemaren kudeaketa propioa egitearen alde edo lan harremanen bertako eremua gorpuzteko», besteak beste.

Interbentzioa, «de facto»

Ez dauka zalantzarik Gaindegiako koordinatzaileak Hego Euskal Herrian 155. artikulua de facto ezarrita dagoela esateko. «155. artikulua, azken buruan, autonomia interbenitzea da, erabakiak tokian tokiko administrazioak hartu beharrean Madrilek hartzea, eta horixe ari da gertatzen Espainiako Gobernuak auzitegietan jartzen dituen helegiteekin: Nafarroako Gobernua eta pobreziaren kontrako laguntzak, Eusko Legebiltzarra eta funtzionarioen lanaldiak, enplegu publikoko eskaintzak, frackinga, aurrekontuak... Xantaia da. Madrilek dioena da: zuk zurea eskatzen baduzu, nik nireak ez ditut beteko. Hitzarmen ekonomikoa betetzea derrigorrezkoa da Hego Euskal Herriko administrazio autonomoentzat, baina Estatuarentzat ez, bete dezake edo ez», dio Esnaolak.

Euskal Herriak datorren hamarkadarako, datozen bi hamarkadetarako, zein erronka dituen laburbiltzeko eskatu diogu azkenik Imanol Esnaolari: «Batetik, dualizazio edo segregazio sozioekonomikoak gainditzeko bideak asmatzea; bestetik, trantsizio sozioproduktibo txukun bat egiteko moduak aurkitzea; eta aurreko bi horiekin lotuta, lurralde oreka eta euskal lurraldetasunaren baitako kohesio eta lankidetza gradu altuagoetara pasatzea». Euskal herritarrek beren buruari eginkizun kolektibo jakinak ematea proposatzen du, euskal lurralde osoarentzako arlo jakinetan agenda sozioekonomiko komuna adostu eta denok elkarrekin, nork beretik, gorpuztea. Hara hor erronka Gaindegiaren ustetan, eta ez nolanahikoa.