Asier Aiestaran

Jokin Altunak lortu du garaipena Astelenako neurketa gogorrean (12-22)

Amezketarrak hasiera bikaina eman dio Julen Retegiren aurkako partidari, eta ongi eutsi dio asko gogortu den bigarren zatian. Urrutikoetxea du zain final-laurdenetan.

Altuna, garaipena ospatzen. (FOKU)
Altuna, garaipena ospatzen. (FOKU)

Jokin Altunak Buruz Buruko Txapelketaren final-laurdenetarako sailkapena lortu du Eibarko Astelena pilotalekuan Julen Retegiri 12-22 irabazi ostean. Amezketako aurrelariak alde handiak lortu ditu lehen zatian eta, bigarren erdian dema asko gogortu den arren, markagailuko tarteari ongi eustea lortu du. Saria ez da nolanahikoa: Mikel Urrutikoetxearen aurka jokatuko du maiatzaren 1ean Donostiako Atano III.a pilotalekuan.

Konturatzerako, Altuna 0-7 aurretik ipini da. Airez sekulako baliabideak erakutsiz, Retegi bikain mugiarazi du kantxa gainean eta tantoa amaitzerako garaian ere dena ongi atera zaio. Partidako aurrenekoa boleaz egindako hormabiko bikain batekin lortu du, eta segida ederra eman dio: bi dejada, zabalera irekitako pilota, atzera jotako pilotakada, sake-bueltan egindako gantxoa eta sakez zuzenean egindako lehen tantoa.

Retegik kostata kendu dio sakea Altunari, buruz gain pasata amaitu duen tanto gogor baten ostean, baina baita azkar galdu ere, airez huts egindako pilota batekin. Partziala 1-9ra luzatu du gipuzkoarrak lehenik, eta 4-11ra ondoren, ezker airez sakeari erantzun eta sekulako tantoa eginda.

Apurka-apurka, ordea, Julen Retegi tantoak asko gogortzen joan da, eta Altunari gero eta gehiago kostatu zaio jokaldiak amaitzea. Pilota ederki gurutzatuz eta lan asko eginez, 6-11 hurbildu da lehenik eratsundarra, eta 8-14koan ere Victorren aurka lortutako balentria errepikatzeko esperantzak izan ditu, baina jokoan ikusten zen parekotasuna inoiz ez da benetan markagailuan islatu.

Unerik zailenetan ere, Altunak beti aurkitu du errekutsoren bat Retegiri tantoa sartzeko, eta sakeari ere zukua atera dio, bai zuzenean tantoak eginez (bost guztira), baita erantzutean dominatzera pasatuz ere. Hain zuzen ere, sakez egindako tanto batekin lortu du amezketarrak azken 12-22koa.

«Oso pozik nago. Banekien Juleni irabazteko lan asko egin beharko nuela eta halaxe izan da. Hasieran pilotek grazia gehixeago zuten eta min handiagoa egiten nion sakearekin, pareta ikutuz. Gero gastatzen joan dira eta gehiago kostatu zait. Gainera, Julenen aurka bi aldiz pentsatu behar duzu jokaldia egiterakoan, doai berezia duelako pilota harrapatu eta gerria sartuz atzeratzeko», aztertu du Altunak amaieran.