NAIZ
BILBO

ELA, Maiatzaren Lehenaz: «Mobilizazio sozialik gabe ez da aldaketarik gertatuko»

Mugimendu feministak eta pentsiodunek kalera eraman duten «erreibindikazio oldea indartzeko» aukera gisa ikusten du ELA sindikatuak aurtengo Maiatzaren Lehena. ‘Pobreziari gerra! Soberan inor ez’ da aukeratu duten leloa.

Txakartegi, Muñoz eta Gimenez, Bilbon, ELAren Maiatzaren Lehenaren aurkezpenean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Txakartegi, Muñoz eta Gimenez, Bilbon, ELAren Maiatzaren Lehenaren aurkezpenean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak eta Leire Txakartegi eta Ivan Gimenez, genero berdintasunerako eta komunikazio arduradunek agerraldia egin dute Bilbon, Maiatzaren Lehenaren inguruan irakurketa egin eta mobilizazioen berri emateko.

Erakundeek krisia amaitu dela esaten badute ere, «gure gizartean pobrezia, prekarietatea eta desberdintasun sozialak areagotzen ari direla» ohartarazi du ELAk. «Aberastasunaren banaketa gero eta injustuagoa da. Enplegua izatea ez da jada bizitza duin bat izateko bermea. Langile pobreak gero eta gehiago dira», azpimarratu du sindikatuak.

«Biztanleriaren eta langile klasearen erdia» diren emakumeen egoerari ere erreperatu dio ELAk: «enpleguan eta enplegutik kanpo, bizitzaren esparru desberdinetan diskriminatuta jarraitzen dute, sistema bera delako genero zapalkuntzan oinarritzen dena». Bestalde, «pobreen arteko gerra» piztu nahi dutela ohartarazi du sindikatuak.

«Enplegua dutenak langabezian daudenen aurka; aldi baterako kontratua dutenak finkoen aurka; lanaldi partziala-lanaldi osoa; arlo publikoa-arlo pribatua; ‘paperak’ dituzten migranteak eta ez dituztenak; prestazioak jasotzen dituztenak eta eskubiderik ez dutenak. Xenofobia eta eskuin muturreko posizioak zabaltzen ari dira mundu osoan zehar, baita langileen artean ere».

Maiatzaren Lehenari begira, pobreziaren aurkako borroka da ELAren lehentasuna, «baita bestearenganako beldurrari aurre egitea ere».

Egun horretan Bilbon eta Iruñean egingo dituzte mobilizazioak. Bizkaiko hiriburuan 11.45ean abiatuko da manifestazioa, Jesusen Bihotzetik, eta Nafarroakoan, 12.00etan, Gurutze Enparantzatik.