naiz
Donostia

EHUren Udako Ikastaroek 191 jarduera izango dituzte 15 herri desberdinetan

Hego Euskal Herriko hainbat herritan banatuta, 191 jarduera egingo dituzte aurten EHUk antolatutako Udako Ikastaroetan. Hil honen 28an emanen diete hasiera eta urriaren 27ra bitarte luzatuko dira.

Udako Ikastaroen XXXVII. edizioa aurkeztu dute Donostian. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Udako Ikastaroen XXXVII. edizioa aurkeztu dute Donostian. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Lakuaren Hezkuntza sailburuorde Cristina Uriartek, EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Agustin Erkiziak, Irizarko Pertsonaleko zuzendari Roberto Iñiguez de Onsoñok eta EHUko Uda Ikastaroen zuzendari Carmen Agouések aurkeztu dute hil honen 28an hasiko den XXXVII. edizioa. Urriaren 27ra arte luzatuko da, eta 191 jarduera programatu dira orotara.

Kirmen Uribe, Planeta sariaren irabazle Javier Sierra, Juan Velazquez egilea edo Begoña Ibarrola protagonistak izango dira publiko osoari irekitako 13 jardueretako batzuetan. María del Mar Vivanco doktoreak, CIC bioGUNEko ikertzaileak eta giza bularraren zelula amak identifikatu zituen taldeko kideak, ekainaren 19ko hasierako hitzaldian parte hartuko du.

Bestetik, herritar guztiarentzat zabalik egongo den mahai inguru batean, ETAren fase amaieraren gaia aztertuko da, justizia, egia, erreparazio eta ez-errepikatze printzipioak, eta NBEk indarkeria politikoko eta sozialeko egoeren amaierari ekiteko emandako irizpideak aintzat hartuta. Joxerramon Bengoetxea buru izango den legelarien talde batek parte hartuko du. Kataluniako prozesua ere ez da faltako. Euskal Herriko kasua, erreferendumak, konstituzioaren erreformak eta autodeterminazio eskubideak aztertuko dituzte, besteak beste, Victoria Camps katedradunak eta Javier Perez Royok ekarriko dute.

Amatasun subrogatuari buruzko eztabaida bi ikastarotan aztertuko dute. Batean, ikuspegi medikotik, eta, bestean, ikuspegi juridiko eta politikotik.

Eibarren, Azpeitian, Hondarribian, Tolosan, Getarian, Errenterian, Irunen, Azkoitian, Ordizian eta Lesakan izanen dira kurtsoak. Horrez gain, 25 ikastaro egingo dira Bizkaian, eta bederatzi, Araban.