NAIZ
DONOSTIA

Erraustegiaren inguruko adituen eztabaida publikoaren aldeko 10.000 sinadura bildu dituzte

Zubietako erraustegiaren eraginen gaineko adituen eztabaida publiko baten alde hasitako kanpainak 10.000 sinadura biltzea lortu du. Bihar arratsaldean EITBren Miramongo egoitzan egingo duten elkarretaratzean entregatuko dituzte.

Zubietako errauskailuaren diseinua.
Zubietako errauskailuaren diseinua.

Erraustegiaren aurkako mugimenduak «Change.org» plataforman 10.000 sinadura bildu ditu Zubietako errauste plantaren eraginen gaineko eztabaida tekniko eta publiko baten alde.

Aise gainditu dute, beraz, hasieran markatu zuten 8.000 sinaduren langa.

Bildutako babes kopuruak agerian utzi du, bultzatzaileen esanetan, «eztabaidaren beharra».

Bihar, birziklapenaren nazioarteko egunean, elkarretaratzea egingo dute EITBren Miramongo egoitzaren atarian eta, hain zuzen, mobilizazio hori aprobetxatuko dute sinadura horiek entregatzeko. Arratsaldeko 18.00etan jarri dute hitzordua.

Eztabaida tekniko eta publikoa

Errausketaren aurkako mugimenduaren arabera, «azkenaldian erraustegien inguruan argitaratu diren albisteek kezka areagotu besterik ez dute egin gizartean eta ezinbesteko bihurtu da eztabaida teknikoa modu publikoan burutzea, ondoren gizarteak erabaki dezan proiektu polemiko honen egokitasunaz».

Erraustegiaren alde eta aurka dauden adituen arteko eztabaida publikoa telebistan egitea da eskatzen dutena, bi jarrerak kontrastatzeko, «politikari bultzatzaileek proiektu garesti eta herritarren kezka handiaren aurrean erakutsi duten egoera kudeatzeko borondate eza» erakutsi dutelako.