NAIZ
BAIONA

Luis Iruretagoiena tolosarra Alençonetik Mont-de-Marsango espetxera gerturatu dute

Luis Iruretagoiena ‘Suni’ preso tolosarra Alençoneko kartzelatik (830 kilometro) Mont-de-Marsanera (Landak) lekualdatu dute. Berarekin, hamahiru dira dagoeneko urte hasieratik Estatu frantsesak hurbildu dituen euskal presoak.

Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Luis Iruretagoiena tolosarra, ‘Suni’ ezizenez ezaguna, Euskal Herritik 830 kilometrora dagoen Alençoneko espetxetik Landetako Mont-de-Marsango kartzelara hurbildu dute.

Luis Iruretagoienaren kasua aintzat hartuta, hamahiru dira dagoeneko urte hasieratik Estatu frantsesak lekualdatu dituen euskal presoak. Horietatik zortzi Mont-de-Marsanera gerturatu dituzte: Zigor Garro, Julen Mendizabal, Raul Aduna, Jon Salaberria, Josu Urbieta, Ekaitz Sirvent, Asier Borrero eta Luis Iruretagoiena bera.

Beste lau, aldiz, Lannemezanera eraman dituzte: Arkaitz Agirregabiria, Iurgi Garitagoitia, Jon Gurutze Maiza eta Alberto Ilundain.

Julen Mendizabal eta Jon Salaberria dagoeneko aske daude.

Beste preso bat, Joseba Fernandez Aspurz, Euskal Herritik 450 kilometrora dagoen Mureteko espetxera eraman zuten.

Mont-de-Marsan eta Lannemezan dira Euskal Herritik gertuen dauden bi espetxeak. Lehena 230 bat kilometrora dago eta, bigarrena, aldiz, 330era.